Andre Maria Zuriaren jaiak

Gazteek egina eta gazteei zuzendua

Gasteizko txosnagunean dago Gazte Karpa: espazio horrek sei urte beteko ditu aurten. Hiriko gazteen arteko harremanak indartzeko eta elkar ezagutzeko sortu zen proiektua.

Askotariko egitaraua osatu dute Gazte Karpan, eta, horri esker, era askotako jendea bertaratzen ari zaie. RAUL BOGAJO / FOKU.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Jende aniztasuna, musika eta jai giroa. Baina, batez ere, gazteak. Horien presentzia da nagusi txosnaguneko Gazte Karpan. Gasteizko gazte mugimenduaren ekinbidez sortu zen gune hori, eta gazteen arteko harremanak indartu eta elkar ezagutzeko helburua du. Hartara, gazteen bilgune bihurtzen da eguerditik aurrera eta gau osoan. Unai Rodriguez antolaketa kideak azaldu du «gazteek antolatutako, kudeatutako eta dekoratutako espazioa» dela. Gazteongandik gazteontzako dute aurtengo leloa, eta seigarren urtea bete du.

«Gazteok, jaietan ateratzen garenon ehuneko handiena izanik, espazio komun bat behar genuen», nabarmendu du Marta Sendiu Gazte Karpako kideak. Jai eredu «alternatibo» bat eskaintzeaz gain, egitarau «plurala» antolatu dute gustu ezberdinetako gazteentzat. Antolamendu eredu «parekidea» izaten saiatzen dira, eta, hainbat lantaldetan banaturik, hilabeteak egon dira jaietarako antolatzen. Muntaketa egunak eta azken eguneko desmuntatze eguna «gogorrenak» direla azpimarratu dute bai Rodriguezek bai Sendiuk.

Txosnagunearekin batera, Gazte Karpa hilaren 3an ireki zuten. Ordutik, estilo ezberdinetako musika kontzertuak, DJak eta bestelako ekitaldiak izan dira han. Musika taldeak gehien bat Gasteizkoak eta Arabakoak dira. Talde horiek oholtzara igotzeko aukera izan dute Gazte Karpari esker; zenbaitek, lehen aldiz. Denetariko kontzertuak izan dira egunotan: hori horrela, era askotako publikoa gerturatu da, Sendiuk nabarmendu duenez: «Gainerako txosnetan eskaintzen ez den egitaraua aurki daiteke».

Aurten, gainera, dekorazio deigarria ikus daiteke karpa barruan: Nerea Mauleon ilustratzaileakGasteizko gazte mugimenduaren 40. urteurrena dela-eta egindako margolanak ikus daitezke. Okume egurraren gainean egindako irudiek egun zehatzei egiten diete erreferentzia: Gasteizko Gaztetxearen irekiera, Libreren ekimenez egindako herri harresia, Osborneren zezena bota zutenekoa, Martxoaren 8ko eguna eta beste hainbat ekintza.

Jendez lepo egoten da gauero, eta, Rodriguezen esanetan, giro «osasuntsua» sortzen da. Gazteei «gustura egoteko beste giro bat» eskaintzen diete, haren ustez. Sendiuren iritziz, gazte asko «gainerako txosnetara baino lehenago» joaten dira hara.

Akelarre bat txosnagunean

Gaur, Gazte Eguna ospatuko dute: pintxo-potea, gazte bazkaria, Ginkantzipazioa, ekitaldia eta kontzertuak egongo dira egitarauan. Bones of Minerva metal-rock taldeak joko du 21:30etan, eta Tooth post-hardcore taldeak 22:30etan; akelarrea ospatuko dute 01:30etan, eta Aerosound-ek techno musika jarriko du 03:00etatik aurrera.

Txosnetako ohiturari jarraikiz, bertako produktuak lehenetsi dituzte. Murgiako Saltus garagardoa eskaintzen dute, Arabako garagardoa bultzatze aldera. Saltusen bi aukera dituzte: Anabasa eta Aztikeri. Ur botilak kendu dituzte, eta iturri bat jarri, plastiko zabor gutxiago sortzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.