Literatura. 'Zubigileak'

Zubi hitsak

Idazlea eta marrazkilaria: Alfonso Zapico. Argitaletxea: Astiberri.

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Zapicoren azken nobela grafiko honek gutxi du eleberritik, eleberri grafikotik bada ere; apenas dagoen fikziorik, eta, aldiz, sarriak dira egilearen beraren gogoetak eta iruzkinak. Halarik ere, Zubigileak hau urrun dago kronika edo analisi hutsetik; liburuko biografian, kazetari grafikoaren sena aitortzen zaio egileari. Neuk, liburu hau ezerekin konparatu beharko banu, film dokumental baten antza duela esango nuke, protagonisten istorio pertsonal eta ia fikziotuak gai mardul eta sakonagoen azterketetan txertatzeko erarengatik.

Izan ere, istorio horiek euskal gatazkaren agertoki zabal eta konplexuari josiak daude. Egileak bi protagonistaren bidez lantzen du euskal gatazka: Fermin Muguruza eta Eduardo Madina, zeinak lubakiaren alde banatan baitaude gai honetan, baina, aldi berean, elkarrengandik uste baino gertuago. Nobela grafikoaren izenburua ere oso gardena da horretan: «Zubien kontakizun bat da hau, zubigileena, bat bera den gizarte baten ertz biak lotu nahi dituzten pertsona horiena», dio azal hegalean. Hain justu, Zapicok protagonista bakoitzaren istorioa eta bien arteko harremana aztertuko ditu, eta, horren bitartez, euskal gatazkaren azken urteotako bilakaeraren ertz ugari azaleratuko: ETAk Madinari berari egindako erasoa, Egunkaria-ren itxiera, Negu Gorriak-en aurkako salaketa, Yoyesen hilketa...

Aitortu beharra dago Zapicoren estiloa primeran egokitzen zaiola nobela grafiko honen asmoari. Liburua, irudietan bainoago, gidoian dago bermatuta, eta Zapicoren ahotsa bera dugu gidari nobela osoan. Ikusten dugu nola doan egilea bera Fermin Muguruzaren eta Eduardo Madinaren arteko topaketa batera, eta egilea bera dugu gidari bakoitzaren istorioa aztertzeko garaian. Alde horretatik, argi dago egilearen ahotsak ematen diola kohesioa liburu honi, zeinak ertz ugaritara iritsi nahi duen. Igartzen da, halaber, ahalegin zintzoa egin duela kontakizun monolitikorik ez egiteko, diskurtso finkorik ezarri gabe, gatazkaren kontraesan eta xehetasunetan aurreiritzirik gabe murgiltze aldera.

Bada, hori izan da, nire ustez behintzat, huts nagusia, ezen iruditzen baitzait Zapicok ikuspuntu naif xamarra hartu duela horrela, batez ere bere gogoeta propioek lekua hartzen duten aldietan. Euskal gatazkari aurreiritzirik gabe eta zintzoki heltzeko, badirudi politikaz erabat hustutako diskurtso xalo bat behar dela, zeinak ia naturaren hondamendi bat balitz bezala lantzen duen gatazka, izugarrikeria multzo zentzugabe soil bat balitz bezala. Benetan txalogarria da asmoa, baina nago amaierako emaitza errazkeriaz josia dagoela, eta, herren horrekin, seriotasuna galtzen duela.

Halaber, ezin saihestuzkoa da liburua kanpo ikuspegi baten ondorio delako sentsazioa. Kanpoko begirale baten rola hartzen du Zapicok, eta, hala, ondu duen lana gehiago iruditzen zait gatazka hau urrunetik ezagutu dutenentzat egina. Alabaina, nekez egingo die ekarpen esanguratsurik gatazka bertatik bertara ezagutu dutenei edo larruan iltzatua daramatenei.

Liburuaren atzealdean dio «zuri-beltzean marraztu beharreko historia» dela. Baliteke. Baina, zuri-beltzean ere, kontakizunak histasuna gainditzeko adinakoa beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.