Kontuz datorkigun enpleguarekin!

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia, Joxe Mari Muñoa
2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
EAEko enpleguari dagozkion datuak eta, zehatzago esanda, Gipuzkoari dagozkionak EUSTATeko Jarduerarekin Loturiko Biztanleriaren arabera modu positiboan uler daitezke, lehen begiratuan,% 10,1eko eta % 7,7ko langabezia tasak zehazten baititu, hurrenez hurren. Hori berrestera dator 2018ko lehen hiru hilabeteetako Biztanleria Aktiboaren Inkesta, non Gipuzkoa (% 7,55eko langabeziarekin) Estatuko tasa apalenean sendotzen baita. Hala ere, guztia ez da positiboa. Langabezia maila horren atzean prekariotasun handiagoa baitago (aldibaterakotasuna, ezegonkortasuna, gezurrezko autonomoak...), batez ere hirugarren sektorean enplegatzen diren 40 urtez azpiko pertsonei eragiten diena. Kontratazioei buruzko zenbait azterlanek salatzen dutenaren arabera, astelehenean sortzen da enplegua, ostiralean suntsitzeko, hala, dagokion Gizarte Segurantza aurrezten baitute, kontraturik egin bada, behintzat. Beste enplegu batzuetan, langileak txandakatzen dira lan berean; hau da, egun batzuetan lana dute eta besteetan ez. Beraz, gutxieneko segurtasun bat eta etorkizunerako adorea emango liekeen lan egonkor bat edukitzeko itxaropenak kamusten zaizkie. Estatistiketako zifren atzean, hainbat kasutan, datuetan jaso ezin daitezkeen dramak bizi dituzten pertsona zehatzak ezkutatzen dira.

Instituzioak, zein bere mailan, saiatzen dira ugazaba eta enpresaburuen jarduketa horien ondorioak eragozten; hala ere, haietako askorengan nagusitzen den pentsamoldea ahalik eta etekin handiena ateratzea da, epe laburrean, eta ez zaizkie axola jokamolde horrek beste pertsona batzuei dakarzkien ondorioak. Jarrera horri aspaldi jarri zitzaion izena euskaraz: diru-gosea.

Errealitate berri bat

Ekonomia eraldatzen ari da, eta, krisi garaietan, batez ere, bide berriak asmatzen saiatzen da, inguruabar berrietara egokitzeko. Hala, ekonomia digitalizatzetik eta robotak erabiltzetik ondorio garrantzitsuak eratortzen dira ekoizpen-moduetara, eta horien artean nagusietakoa enplegatu kopurua murriztea da.

Azken garaiotako aurrerapen teknologikoekin batera, 2008tik, indar handiz plazaratu da, enpresa-eredu berri gisa, plataformen ekonomia deitua, iraultza digitalari estu lotua dagoena eta, lege arloan nazioartean dagoen hutsunea baliaturik, egungo azpiegituretako indar nagusi bilakatzen ari dena, abiada bizian txertatzen baita berehalako etekina eman dezaketen jardueretan.

Ekonomia «kolaboratiboaz» mintzatzen dira, eta herritarren ongizatea hobetzea bilatzen omen dute, baina, kasu gehienetan, beste zerbait ezkutatzen da jokabide horren atzean: egindako inbertsioarekin berebiziko etekinak emango dizkien negozio bat garatzea.

Errealitate horren adibide praktiko bat Estatuko hiri printzipaletako taxilariek duela gutxi egindako greba da. Uber eta Cabify plataformen jardunagatik protestatzen zuten. Bi plataforma horiek gidaria daramaten ibilgailuak alokatzen dituzte. Jarduera hori, duela gutxi arte, gutxiengo batek noizbehinka gauzatzen zuen aktibitatea zen. Orain, hirietako edozein zerbitzutara zabaldu nahi dute beren jarduera eta, jakina, taxiari zuzeneko lehia egiten diote. Horregatik egin dute greba taxilariek: indarrean dauden arauak bete daitezela eskatzen dute. Plataformen erantzuna auzitara jotzea eta hainbat milioitako (3.785 milioi euro) kalte-ordaina eskatzea izan da, baldin eta gaur egun duten irabazpide-jarduera mugatuko balitzaie.

Enplegurako ondorioak

Plataforma horietako langileek ikusten dute beren lan-eskubideak ezereztuak geratzen direla, oso ezohiko lan-harremanak baitituzte: norbera autonomoa da legez, bere bitartekoak erabili behar ditu eta kostuak bere gain hartu; ordainetan, bere lanorduak antolatzeko eskubidea izango du, nahiz eta lana nola egin plataformak inposatuko dion.

Guztiei eragiten die, baina, bereziki, gazteei eta helduaroaren hasieran direnei, hau da, teknologia berriekin lan egiteko ahalmena eduki, eta malgutasun osoa onartzeko prest daudenei, ez dagoelako inolako lan-erregulaziorik. Autonomia handiagoa edo ekonomia kolaboratiboa aldarrikatzen badute ere, azkenean, esplotazio handiagora daramaten negozioak dira, gutxi batzuen mesederako. Hainbat pertsonak, beren etxebizitzaren parte bat alokatzetik lortzen dituzte diru-sarrerak (pisu turistikoak), edo etxe barruko zenbait lanetan jardutetik, edo etxez etxeko banaketak egitetik.

Jendeak badaki lan-baldintzak ez direla onak, baina gehienek onartu egiten dituzte, ez dutelako beren burua haiek aldatzeko gai ikusten eta ez direlako sindikatuez fio. Gobernuak ere ez die halako jardunbideei traba handirik jartzen, haren xedea BPGa handitzea baita, nola lortzen den askorik begiratu gabe.

Etorkizunari begira

Esku artean duguna ez da arazo teknologiko edo ekonomiko soil bat, etikoa eta politikoa baizik. Erabaki politikoak izan dira —kapitalaren interesen zerbitzuan daudenak— enpleguaren antolakuntza hori erraztu dutenak. Sustraira baldin bagoaz, honako hau aurkituko dugu: ekonomiaren helburu gisa ahal den etekin handiena eta azkarrena lortzea ezarri dute.

Hitz gutxitan esanda, kapitalaren eta lanaren arteko betiereko borroka da, baina zergatik jarri etekin ekonomikoak soilik bilatzen dituen gizarte-eredu baten mende, nahiz eta eredu horrek pertsona askoren bazterketa ekarri? Kasu gehiegitan, iraungarritasunaren eta eraginkortasunaren aitzakian —biak beharrezkoak— diru-gose asegaitza ezkutatzen da. Ez genuke inoiz onartu behar pertsona baztertzearen bizkar etekinak lortzea bilatzen duen gizarte-eredurik.

Printzipio etiko oinarrizkoenetatik abiatuta, gizarte garatu bat lortzearen alde bideratu behar genituzke gure ahalmenak. Horrek esan nahi du pertsona orok, egoera makurrenean daudenek, bereziki, oinarrizko beharrizanak aseta ikusi behar dituela, eta horrela egin beharko da aurrera bilatzen dugun ondasun erkide hori lortzeko bidean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.