KRITIKA. Musika

Oinkadak neurtuz

2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Egitaraua: F. Schuberten 4. (D417) eta 5. (D485) sinfoniak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 28.

Tarteka ezbaian, baina oztopoei aurre egiteko gogoz eman dio hasiera Euskadiko Orkestrak bere 2020-2021 denboraldiari. Euskal Herriko hiriburuetan ematen dituzten kontzertuen kopurua bikoiztu egin dute aretoen edukiera murrizketak errespetatuz abonatu guztiek aukera izan dezaten orkestraz gozatzeko. Horrek Franz Schuberten sinfonia guztiak biltzen dituen programazioa osatzea ahalbidetu die, puzzle baten itxura hartu duen maratoia aurkeztuz.

1816. urtean konposatu zituen Schubertek programa osatzen zuten 4. eta 5. sinfoniak. Urte horretan bertan bidali zizkion Johann W. Goetheri bere poemen letrak zituzten hainbat lied, baina ez zuen erantzunik jaso; handik gutxira, irakasle izateari ere utzi zion. Euskadiko Orkestrak 5. Sinfonia (D485) eskaini zuen lehenik. Otto Hatwigek zuzentzen zuen orkestra amateurrarentzat idatzita, horren baliabideak ustiatu behar izan zituen konpositore austriarrak, tronpeta eta tinbalik gabeko obran. Orkestra eroso jardun zen Allegro mugimendu ezagunaren gai sinple eta kantagarrietan, baita Mozarten tankera handia duen minuetean. Treviñoren keinu lasaiak oreka mantendu zuen sinfonia osoan zehar, nahiz eta batzuetan truismorantz jo zuela antzeman.

A priori ez da batere agerikoa zergatik ipini ote zion Schubertek Tragikoa ezizena bere 4. Sinfoniari (D417). Giroa bada nolabait gainerako sinfonietan baino goibelagoa eta serioagoa, baina baita distira handikoa ere. Edonola ere, Andante mugimenduan Schuberten muina agerian jarri zuten orkestrako kideek: lied samin eta goxo bat balitz bezala zabaldu zen lehenik harietan, gero goi eta behe erregistroen jolasean. Bukaerako Allegro-an aurreko mugimenduetan soilik printzen moduan agertzen den ezinegon kutsua biziki garatu zuen Treviñok, dinamika zabal eta oparoen bidez.

Maratoi bat arrakastaz burutu ahal izateko, behar-beharrezkoa izan ohi da norberaren indarrak ongi neurtzea eta banatzen jakitea. Oraingoz, badirudi orkestrak asmatu duela oinkaden erritmoa hartzen, bakoitza bere tokian, sendo eta akitu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.