Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Garun elektrodoak

2021eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Garuna gorputzeko organorik konplexuena da, bizirik mantentzen gaituena. Berak kontrolatzen ditu gorputzeko tenperatura, odol-fluxua, arnasketa eta digestioa. Gainera, zentzumenen bitartez jasotzen duen informazioa prozesatu, antolatu eta kudeatzen du, beharren araberako erantzun egokiena bideratzeko.

Hori guztia garunak nola gauzatzen duen, oraindik, ez dugu zehatz-mehatz ezagutzen. Baina neuronak korronte elektriko bidez komunikatzen direla aspalditik dakigu. XX. mendearen hasieran, gaitz neuronal eta psikiatrikoak zituzten gaixoak tratatzeko korronte elektrikoak aplikatzen hasi ziren. Ordutik, teknikak asko hobetu dira, eta, gaur egun, burmuinaren estimulazio sakona deritzon prozedura da farmako tradizionalei erantzuten ez dieten gaixo askoren itxaropen bakarra. Besteak beste, Parkinsonen gaixotasuna, Touretteren sindromea, epilepsia, nahaste obsesibo-konpultsiboa eta min kronikoa tratatzeko teknika egokia dela frogatu dute. Laburki, gaixoari garuneko eremu jakin baten elektrodoak txertatzen zaizkio, kable baten bidez soinaren azal azpian jartzen den estimulatzaile batera konektatuta daudenak. Estimulatzaileak inpultso elektrikoak sortzen ditu, eta inpultso horiek elektrodoak dauden garuneko eremua estimulatuz, gaitzarekin erlazionatutako sintomak arintzen dituzte.

Elektrodoak garunean txertatuz, gaitzak tratatu ez ezik, guk pentsatzen duguna ere, neurri batean behintzat, egia bihur daiteke. 2006an lehengoz frogatu zuten posible dela pentsamendua erabiliz ordenagailuko kurtsorea mugitzea. Gainera, 2012an ere Nature aldizkariak argitaratutako bideo batean hau ikusten da: 15 urtez besoak mugitu ezinda egon den emakume batek, pentsatze hutsarekin, nola mugiarazten duen beso bioniko bat bere nahieran.

Lau urte beranduago, istripu baten ondorioz tetraplegiko geratutako mutil gazte batek esku bateko eta esku horretako behatzen mugimendua berreskuratzea lortu zuten. 2019an argitaratutako hiru lanetan erakutsitakoaren arabera, garuneko aktibitate elektrikoa deskodetuz pentsamenduei ahotsa eman dakieke, eta ondorioz, hitz egiteko gaitasuna galdu zutenei berriz entzun.

Garun/ordenagailu interfazearen garapen ikaragarri horri mugarri bat gehitu behar zaio duela bi hilabete eskas argitaratutako lorpen bati esker: 2007tik lepotik behera geldirik dagoen 65 urteko gizonezkoarena. Garunean txertatutako bi elektrodo txikiri esker, bera hizki ezberdinak eskuz idazten zituela pentsatzen ari zela, algoritmo baten laguntzaz, garuneko aktibitatea deszifratu zuten, eta pentsamendu hori testu gisa irudikatzea lortu. Zehazki, minutuko 90 karaktere edo 15 hitz; adin berekoek, batez beste, mugikorrean idaztean duten abiadura bertsua. Zein izango da hurrengo pausoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.