Errefuxiatuen krisia. Kios uharteko iheslariak

Europa hotz eta itxian preso

Atenas deportazioak prestatzen ari dela, 300 bat errefuxiatu, Vial atxiloketa zentrotik ihes egin, eta Kios uharteko portuan kanpatu dira, protesta modura. Ez dakite zer gertatuko zaien.

Neska bat Vialeko atxiloketa zentroan, boluntarioek emandako jatekoa eta edatekoa hartzen. DANIEL RIVAS.
Kios
2016ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Vialeko atxiloketa zentroan, Greziako Kios uhartean, errefuxiatu siriarrek eta afganiarrek hainbat egun zeramatzaten liskarretan. Iluntzearekin batera hasten ziren gauero liskarrak. Batzuek besteei leporatzen zieten estalkiak, lo zakuak eta janaria lapurtzea. Vialen 1.500 pertsona baino gehiago zeuden alanbre arantzadunaren beste aldera, itxita. Gehienez 1.000 lagun hartzeko lekua zeukan.

Apirilaren 1ean, 50 gazte afganiar eta siriar baino gehiago borrokatu ziren, makilak eta harriak erabiliz, istiluen aurkako poliziak txanda aldaketa egiten ari zirela baliatuta, eguerdiko hamabietan. «Beldurrez geunden. Zentro osoa suntsituta zegoen; lo egiten genuen etxoletako leihoak puskatu zituzten. Beraz, alanbrea hautsi, eta ihes egin genuen», dio Abdulbased gazte siriarrak.

Atxiloketa zentro ondoko errepideak errefuxiatuz bete ziren. 300 pertsona baino gehiago Kios hirira abiatu ziren, ilaratan, eta errepidea ere itxi zuten zenbaitetan. Vial atzean utzi zuten, baina ez zekiten nora joan. Poliziak aurreratu zitzaizkien, eta porturantz bideratu zituzten. Ordu eta erdi baino gehiagoko martxa izan zen.

Hainbat astean lehen aldiz, libre ziren. Baina, hala ere, Vialen barruan jende asko geratu zen, ezin ihes egin. «Ez daukagu ur berorik, eta astebete daramagu dutxa bat hartu ezinik; gainera, ura ez da edateko modukoa, eta egunean hiru aldiz janarekin ematen dizkiguten ur botila txikiak edaten ditugu soilik», azaldu du Hameed Afganistango errefuxiatuak. Vialen daudenak ezin dira atera joan den astetik, eta, ordutik, sukalde solidarioetako boluntarioek ezin diete janaririk banatu. «Animaliak bezala itxi gaituzte hemen, baina gizakiak gara», dio Hameedek, etsita.

Apirilaren 2an, Vialeko arduradunek erabaki zuten 300 bat errefuxiatu Kios hiriko eraikinetara eramatea. Harrera guneak hutsik zeuden Greziako Gobernuak 1.500 pertsona ferrietan mugitu ondoren, bi egunez, herrialdeko beste zentro batera eramateko.Modu horretara arindu ahal izan zuten Vialen zegoen tentsioa, non errefuxiatuen %25ek kale gorrian lo egiten duten, boluntarioek egindako kalkuluen arabera.

Harriz eta porlanez betetako eremuan, 200 ume daudela uste dute gobernuz kanpoko erakundeek. «Preso egotea onartzen dugu, baina soilik eskatu nahi dut nire seme-alabek ikasteko aukera izatea, bi aste baino gehiago baitaramatzagu hemen, eta ez baitute eskolarik jaso. Eta ezin dugu onartu belaunaldi galdu bat», argudiatu du alanbrearen beste aldetik Siriako errefuxiatu batek.

Kios uharteko kanpalekua

Apirileko bi eguneko errefuxiatuen martxa Kiosko portuan eten zuten, ferriak lotzen dituzten kaietako batean. Polizia saiatu zen Sudako eremura eramaten, handik metro gutxira. «Berriz ere libre sentitu ginen. Vialen egon eta gero, ez dugu beste atxiloketa zentro batera joan nahi», egin du gogoeta Abdulbasedek. Boluntarioek lo zakuak eta estalkiak eman zizkieten, eta kanpalekuan jarri ziren.

Portura errefuxiatu gehiago iritsi ahala, poliziek debekatu egin zuten arropa eta ura banatzea. Ferriak ere desbideratu zituzten Mestako portura, Kios hegoaldera. 300 pertsonak baino gehiagok igarotzen dute ordutik gaua han, itsasontzi batek Atenasera eramango dituen esperantzan, handik bidaia jarraitzeko. Familia osoak daude, ume eta zaharrekin. Eta boluntarioek Polizia datorrenerako zaintza lanak egiten dituzte, eta umeekin egoten dira jolasean. Kaian herri askotako jendeak nahastu dira, baina, oraingoan, ez dago haien arteko batere arazorik. Xahrooz eta bere lagunak Irandik iritsi dira Europara: «Turkiako muga gurutzatu nuen kamioi batean gordeta; barku bat hartu nahi dugu, eta gure bidea jarraitu, besterik ez».

Mugak irekitzeko eskatzen duten pankarta batzuen azpian lo egiten dute. Egunero, manifestazioa egiten dute beren egoerari irtenbidea eman diezaieten. Batzuek egun bat dute buruan: martxoaren 20a. «Kiosen 18an lehorreratu ginen, baina 21era arte ez genuen izena eman Greziako Poliziaren erregistroan», azaldu du Abdulbased siriarrak. «Badakizu zer esan nahi duen egun horrek? Zergatik den horren garrantzitsua?», galdetu du. Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako itunaren arabera, «egun horretatik aurrera Turkiatik Greziara joaten diren paperik gabeko migrante guztiak itzularaziko dituzte».

Deportatuko duten lehen taldea eraman zuen Greziako Poliziak Tabakikara herenegun, zentro bat izandako lantegi abandonatura, eta borrokak izan dira harrezkero afganiar eta segurtasun indar batzuen artean. Egunotan bidaliko dituzten pertsonak banatzen hasi ziren poliziak.

«Giza eskubideak errespetatzen diren askatasun eremutzat genuen Europa siriarrok. Baina oker geunden; hori antzinako Europa izango zen», amaitu du esanez Abdulbasedek. Kai aldera hartu du martxa, bihar berriz protestan jarraitzeko, horixe baita geratzen zaion bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.