Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Kataluniako erreferenduma. ANALISIA

Krisiaren aukerak

2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Guardia Zibila kanpainako materiala ateratzen ari da han eta hemen. Paradoxa zer den: Demokrazia dioten kartelak ere kendu dituzte segurtasun indarrek. Madrilen esku exekutatzailea ohitua dagoena egiten ari da, baina nonbait ez da eraso «bortitzegia» izango, oraingoz. Jose Manuel Maza Espainiako fiskalburuak dioenez, zuhurtziaz jokatuko dute, ekin bai, baina «pasatu gabe», orain artekoa larria izango ez balitz bezala. Carles Puigdemonten balizko atxiloketa ez da egingarria izango, adibidez, urriaren 1a igaro arte. Baina hortik aurrera, gertatutakoa desitxuratzen dutenean, orduan dena libre. Mezuak, hala ere, ahulegia dirudi Espainiako unionistentzat, ikusi besterik ez dago Espainiako hedabide nagusien editorialak. Baina Katalunian izugarria da. Ez baita zertan Generalitatearen estrategiarekin ados egon, Espainiako Gobernuaren errepresioa jasangaitza dela sentitzeko. Eta indartzen ari da bozkatzeko gogoa, Espainian alarma pizteraino.

Estatu krisia eragin al dezake benetan Kataluniak hartu duen norabideak?

Oraingoz, eta halako batean, Podemosek argia ikusi du, PPren jarrera errepresiboa Espainian salatzeko aukera paregabea iritsi baitzaio; Katalunian, ordea, beste kontu bat da. Pablo Iglesias eta Xavier Domenechek, Podemos, Catalunya en Comu, IU eta En Marearen izenean, elkarrizketa sustatu behar dela esan dute: ezohiko batzarra egin nahi dute alde guztien artean, «adierazpen askatasuna eta elkarbizitza» bermatzeko. Baina, Albano-Dante Fachin Podem Catalunyako idazkari nagusia kexu da ez dutelako Madrilgo bilerara gonbidatu, espainiarrak desafiatu egin baititu erreferendumaren alde, baldintzarik gabe dagoela esanda. Podem Catalunyak ez du oraindik ofizial egin zer egingo duen, Madrilen aginduetara batzarrak atzeratu dituelako. Ada Colau Bartzelonako alkateak, berriz, azkenean egin zuen hala moduzko hitzarmen bat Generalitatearekin. Legezkoa eta udala arriskuan jarri gabe, bozkatu ahal izango da Bartzelonan, eta berak ere, bozkatuko duela esan du. Bestela? Zer egin zezakeen? Urratsa egin ostean, pentsatzekoa da jende gehiago bozkatzera joango dela.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, berriz, Bartzelonan egon da asteburuan, PPren estrategiatik aldendu nahi izan du, elkarrizketa hark ere ahoan, baina harekin bat egiteko aukera baztertu gabe, behar izanez gero. Alegia, berriz ere alderdiko dinosauroen zama dauka bizkar gainean, 155. artikulua aplikatzea, «oraingoz» ez litzatekeela egokia esateraino. Andaluzian, begiak handi-handi dituzte, bere benetako eskela marraz dezaketelakoan. Oraingoan bai?

Eta denen dianan Mariano Rajoy Espainiako presidentea. Aste honetan mekanismo gehiago jar ditzake abian erreferenduma geldiarazteko, eta, bere jendea irabazteko. Hori aurreratuz, esanguratsua da ostiralean eman zuen mezua: «Iritsi nahi ez dugunera iristera behartuko gaituzte». Konturatu da, halako batean, ez direla gauzak konpontzen, existituko ez balira bezala eginez, beste aldera begiratu eta itxaronez. Orain badaki, ekin behar duela, eta ez da izango elkarrizketaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.