Handia, handitzen jarraitzeko

Bihar hasiko da Australian eta Zeelanda Berrian Munduko Kopa. 32 selekzio arituko dira lehian, inoiz baino gehiago. Hiru euskal jokalari izango dira txapelketan: Egurrola, Paredes eta Hernandez

Handia, handitzen jarraitzeko.
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Emakumeen futbolak beste mugarri bat ezartzen hasi nahi du bihartik aurrera, azken urteetan hartzen ari den indarraren eta ikusgarritasunaren bidean. Orduan hasiko da Australian eta Zeelanda Berrian Munduko Kopa. Bederatzigarren aldiz jokatuko dute txapelketa, eta Ozeaniako bi herrialdeak erakusleiho aparta izango dira, milioika zaleren eta ikusleren arreta erakarriko baitute. Bai zelaian eta bai harmailetan, inoizko jendetsuena izango da, eta izarrak prest daude distira egiteko. Horien artean izango dira hiru euskal jokalari: Irene Paredes, Oihane Hernandez eta Damaris Egurrola. Lehen biak Espainiarekin arituko dira, eta Egurrola Herbehereekin.

Ikusi gehiago:Analisia: Zelaian dauden erronkak

Selekzio gehien parte hartuko duen Munduko Kopa izango da: 32, hain zuzen. Aipatu bilakaeraren isla da hori. Lehen aldian, 1991n, Txinan, hamabi selekzio aritu ziren nor baino nor gehiago. Hamasei izan ziren 1999an AEBetan; eta, 24, 2015ean, Kanadan. 64 partida jokatuko dira denera.

Horri esker, artean txapelketa jokatu ez duten hainbat selekziok parte hartzeko aukera dute. Zortzi izango dira estreinakoz lehiatuko diren herrialdeak: Haiti, Irlanda, Filipinak, Maroko, Panama, Portugal, Vietnam eta Zambia. Orain arte jokatu diren zortzi Munduko Kopetan izan dira, berriz, Alemania, Brasil, AEBak, Japonia, Nigeria, Norvegia eta Suedia.

Txapelketa irabazteko hautagai nagusia AEBak dira. Azken bi Munduko Kopetan gailendu dira, eta guztira lau daramatzate, jokatu diren erdiak. Berriz ere titulua eskuratuz gero, gainera, marka bat ezarriko dute. Izan ere, ez gizonezkoetan, ezta emakumezkoetan ere, inork ez du lortu hiru aldiz segidan titulua irabaztea. Alex Morgan eta Megan Rapinoe buru dituen multzoari gaztetasuna gehitu dio Vlatko Andonovskik, Sophia Smith eta Trinity Rodman gisako jokalariei esker. Rodman Dennis Rodman saskibaloi jokalari ohiaren alaba da.

Aurreko Munduko Kopan Herbehereak izan ziren AEBen aurkaria finalean. Sarina Wiegmanek zuzentzen zuen selekzio laranja. Ingalaterraren aulkian dago orain Wiegman, eta hura da AEBei itzal egiteko hautagai nagusia. Europako azken txapelketa irabazi zuen, eta, hango ligak hartu duen indarraren bidez, selekzioak ere gora egin du nabarmen. Baina funtsezko jokalariak faltako ditu: Beath Mead eta Leah Williamson. Mead iaz jokatu zen Eurokopako golegile nagusia izan zen. Sei gol sartu zituen. Williamson selekzioko kapitaina da. Biek belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuten, eta ez dira osatu. Beraz, Lucy Bronze, Keira Walsh eta Lauren Hemp izango dira taldearen bizkarrezurra.

Bi horien atzetik Alemania egongo litzateke. Hamar urte daramatza titulurik irabazi gabe. Baina beti ematen du bere onena halako txapelketetan, ez du sekula galtzen berezkoa duen izaera lehiakorra, ezta eraginkortasuna ere. Kalitatea, gainera, sobera dute Alexandra Poppek, Lena Oberdorfek, Lina Magullek eta enparauek.

Herrialde nordikoak ere beti egon dira onenen artean, bertan emakumeen futbolaren garapena eta bilakaera aurretik hasi baitzen. Frantziako eta Espainiako ligak, berriz, Europako indartsuenak dira. Baina selekzioak zurrunbilo betean izan dira azken hilabeteetan, jokalariek hautatzaileekin izandako gatazkak tarteko. Oso modu diferentean konpondu dituzte federazioek. Frantziakoak Corinne Diacre kendu zuen kargutik. Multzoko hainbat jokalari garrantzitsu ez zeuden ados hautatzailearen lan egiteko moduarekin, eta ikerketa baten ondoren erabaki zuen hautatzailea kentzea. Haren lekua gizonezkoen Qatargo Munduko Kopan Saudi Arabiako hautatzaile izan zen Herve Renardek hartu zuen. Multzo indartsua du, Wendi Renard buru dela. Gainera, Eugenie Le Sommer itzuliko da, Europako Txapelketan min hartuta egon ostean. Dena den, Frantziari txapelketa garrantzitsu batean aurrerapausoa ematea falta zaio. Antzera gertatzen zaio Espainiari. Baina federazioak tinko eutsi dio aulkian Jorge Vilda hautatzaileari. Alexia Putellas urrezko baloia itzuli da belauneko lesio larriaren ostean, baina kili-kolo ibili da azken egunetan.

Gertutik jarraitu beharreko beste jokalarietako batzuk hauek dira: Sam Kerr, Marta Viera eta Ada Hegerberg. Kerr etxean arituko da. Chelseako aurrelariak ahalik eta urrutiena eraman nahi du Australia. Viera brasildarra Munduko Kopa gehien jokatu dituen futbolaria da, seigarrena izango du. Horietatik bostetan jokalaririk onena izendatu dute. Hamazazpi gol sartuak ditu Munduko Kopetan, eta kopurua handitzen jarraitu nahi du. Hegerberg, berriz, halako txapelketa batera itzuliko da, aurrekoan uko egin baitzion, federazioak gizonezkoei eta emakumezkoei emandako diruari dagokionez aldea dagoela salatzeko. Aipatu beharreko beste izen batzuk hauek dira: Estefania Banini (Argentina), Debora Cristian (Brasil), Christine Sinclair (Kanada), Lynda Caicedo (Kolonbia), Kumagai Saki (Japonia)...

Sarietan, aldea

Harmailetan ere ikusmina handia izango da. FIFAk duela aste batzuk jakinarazi zuen milioi bat sarrera saldu dituztela dagoeneko. Sariei dagokienez, poltsa 98 milioi eurokoa izango da. 2019koan 27 milioi ingurukoa izan zen. Baina oso urruti dago oraindik ere gizonezkoen azken Munduko Kopako sarietatik: 391 milioi euro izan baitziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.