Javier Martin eta Natalia Marin Zinemaldiko hautaketa taldean ariko dira

Martin zinema jaialdiaren ordezkari lanetan ere ariko da Latinoamerikan; Europa Ekialdean, berriz, Roberto Cuetok beteko ditu zeregin horiek

Javier Martin, Natalia Marin eta Roberto Cueto. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak bi kide berri gehitu ditu jaialdiko hautaketa batzordera: Javier Martin eta Natalia Marin. Zinema jaialdiei lotuta egin du orain arteko bere bide profesionala Martinek, Berlinalen, Cannesen eta Donostian, horien artean. Marin, berriz, zinemagilea eta irakaslea da, eta Espainiako Zinematekan koordinatzaile ari da egun. Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolan eskolak ematen dituzte biek.

Zinemaldiko film-hautaketa batzordeko kide izateaz gain, Marinek jaialdiaren ordezkari lanak egingo ditu aurrerantzean Latinoamerikan. Azken urteetan Andrea Stavenhageni aritu da zeregin horretan.

Jaialdiak Hego Korean duen ordezkaria Roberto Cueto da, eta aurrerantzean Ekialdeko Europa ere haren lan arloa bilakatuko da, Matthieu Darrasari lekukoa hartuta.

Programazioan zailduak

Programatzaileak dira Donostiako Zinemaldiko hautaketa batzordera batu diren bi kideak. Martin Colifilms Distribution banaketa etxearentzat eta Albares Productions ekoiztetxearentzat lanean hasi zen, eta, egun, besteak beste, Marrakexko zinema jaialdiko ordezkaria eta Bogotako zinema jaialdiko programatzailea da.

Marin, bestalde, programazioaren eta irakaskuntzaren artean dabil azken urteetan. Madrilen eta Kuban eman izan ditu eskolak. 2009an ekin zion lan artistikoari; Los Hijos zinema esperimentaleko kolektibora batu zen, eta atzerriko hainbat jaialditan eta arte zentrotan erakutsi ditu bere ekoizpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.