Mikel Zumeta.
HERTZAK

Otaku ezkertiarrak

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Kabala, juduen lege zaharraz, mistizismo hebrearraz edo zentzuzkotasunaz mintzo zaigu. Aste honetako zutabean ordea, Kabala, Klak gazteon ahotsaren baitan garatzen den podcasta izango da.

Kabala-k dagoeneko bederatzi atal aireratu ditu, eta bertan, gidari bezala, Maddi Kintana izango dugu: euskal kultura postmoderno, fluor eta pop jurruaren otakua. Ordu erdiko saio bakoitzeko, gonbidatu bana edo bi izango ditu, aukeratutako gaia garatzeko eta haren inguruan aritzeko. Landutako gaien artean: gazteen prekaritatea, baserri munduaren eta hiri munduaren dikotomia, feminismoa, transmarikabollo ikuspegia, besteak beste. Ohiko plataformetan, Youtuben ikus-entzunezko formatuan zein Klak-en webgunean eskuragarri dago.

Saioa saiakera bat da; dinamikoa, elkarrizketa moduan, gazteek eta ez horren gazteek haien artean izan ditzaketenen tankerakoa. Performatiboa da, purpurinaz betea eta koloretsua izan nahi duena. Gai interesgarriak hartuko ditu abiapuntu bezala, eta mahai gainean eztabaidatu. Saioak, tamalez, irauten duen ordu erdian, ez du gaiek behar duten sakontasuna garatzeko aukera eskaintzen, baina sua pizteko gauzaizango da.

Kabala hutsala eta efektista suerta daiteke hasiera batean, su artifizialen ariketa postmodernoa, baina ez zaitezte hain azkar erretxindu. Gizartea aldaketa prozesu bizkorrean baitago, eta anakronismoak, iraganaren erromantizazioak eta formalitateak batzuetan formolitate bilakatzen baitira.

Argi dago eztabaida ideologikoetan beti egongo direla iritzi kontrajarriak, eta halakorik egotea aberasgarria izango da gehienetan, errealitatea espektro zabalak osatzen duelako. Kabala-k eta Maddik espektro horri garaikotasun ukitua emango diote. Izan daiteke egingo duen ekarpen handiena hori izatea. Ekarpen interesgarria izaten jarraituko du, horregatik bakarrik bada ere.

Kabala-k bere burua umore saiotzat dauka, geuk ere hala ulertu beharko genuke. Garaikotasunarekin kontaktua ezinbestekoa delako, inguratzen gaituen errealitatea ulertu nahi badugu. Ezkerretik eraikitzen den saio fluorra irudika ezina zen iragan hurbilean. Eraldaketa prozesu etengabean bizi gara. Aldatu, ikasi eta egokitu behar dugu aurrera egiteko, eta prozesu horretan, elkarrizketa ezinbestekoa da. Entzun dezagun, bada, kabalak zer dioen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.