Miren Azkarate.
EUSKARA BATUAK 50 URTE

Euskara batua komunikazio tresna

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar urte beteko dira datorren urrian Euskaltzaindiak euskararen batasuneko bideari ekin ziola, nahiz ezin den ahaztu Baionan 1964an erein zuten hazia. Mende erdia igaro da ordutik hona, eta euskara batua komunikazio tresna gisa aztertzeko eskatu didate: nolako eragina izan duen, abantailak, balioak...

Eskaria nondik datorren ikusita, «komunikazio tresna» esatean hedabideetako komunikazioa hartzen zela gogoan pentsatu dut. Baina askoz adiera zabalagoa ere badu komunikazio izenak. Komeni da oroitaraztea zer zioen Mitxelenak Arantzazuko Kongresuan aurkeztu zuen txostenean. Sutsuki defendatu zuen orduan Mitxelenak batasunaren beharra; baina, batasun horren oinarriak ezartzean, Ze batasunen bila gabiltzan izenburuaren azpian hauxe idatzi zuen: «Irakaste-lanean dugu beharrenik batasun hori, irakurlearen atseginerako egiten den literatura 'ederrean' baino areago». Nahitaezko ikusten zuen Mitxelenak euskaraz irakastea, hizkuntza salbatuko bazen; eta horretarako ezinbestekoa zen batasuna. Baina idazleek ere argi ikusten zuten batasunaren beharra. Euskaltzaindiak markatutako bidetik inolako zalantzarik gabe egin zuten aurrera. Baita irakasleek ere, eta 1970eko hamarkadaren amaierarako argi zegoen Euskaltzaindiaren batasunerako arauek bazutela euskalgintzako gizon-emakumeen atxikimendua eta jarraipena.

Ondoren etorri ziren hedabideak, bai idatziak eta bai ahozkoak. Ez da zalantzarik Mitxelenak Arantzazun «irakaste-lanetarako» erabilitako argudioek berdin-berdin balio dutela hedabideen alorrerako ere. Hizkuntza baten bizi-indarra neurtzeko irizpideetan beti agertuko da hedabiderik ba ote dagoen hizkuntza horretan. Eta hedabide nazionalek eredu bakarra eskatzen dute, guk euskara batu deitu dioguna. Ez da nahikoa, ordea, mendeetan zeharreko literatura-euskalkien arteko batasun soila. Hori lehenik —ortografia bateratua, aditz laguntzaile bateratua, erakusle bateratuak, eta abar—; baina, horrekin batera, hizkuntza «eguneratzeko» ahalegin erraldoia ere bai. Besteak beste, terminologia landu, Onomastika eta Exonomastika (izen propioak, alegia; nahiz pertsona nahiz leku-izenak; bertakoak eta kanpokoak) alorreko arau-proposamenak egin... Horren guztiaren beharra dute hedabideek, eta horretan jardun du eta dihardu gaur ere Euskaltzaindiak.

Baina nahikoa al da euskara batua edo, nahiago bada, estandarra? Batasunaren aldeko mezua aldarrikatzeko garaia izan zen 1970eko hamarkada eta baita 1980ko hamarkadaren zati on bat ere. Baina «borroka» hori irabazi ondoren, argi dago badugula beste joko-zelai bat ere: euskara batuaren eta euskalkien (agian zehatzagoa litzateke «tokiko hizkeren» esatea) arteko partida jokatzen den joko-zelai hori. Eta hor kontuak ez daude hain argi. Hobeto esan, argi dagoena da hedabideetako komunikaziorako ere motz geratzen dela euskara batuaren eredua. Ez dut uste inork zalantzan jartzen duenik gaur egun estandar zainduena erabili behar dela, esaterako, egunkarietako artikuluetan; unibertsitateko aldizkarietan, jakintzaren dibulgazioko aldizkarietan, eta abarretan. Tokiko aldizkari batek baino gehiagok, ordea, bestelako bideak urratzeko ahalegina egin du herri horretako euskaldunei gertuagoko izango zaien eredu baten bila. Baina, idatziz ari garenez, nekez onar daitezke kontrakzioak, hitz egiten dugun bezala idazteko ahaleginak. Bi kode dira ahozkoa eta idatzia eta bakoitzak bere arauak ditu. Besterik da Euskaltzaindiaren Hiztegian euskalki-marka jakin bat duten hitzak erabiltzea, are «lagunarteko» marka daramatenak ere; erabilera-eremu mugatua duten sintaxi-egiturez baliatzea... Hori guztia da zilegi, baina hitzak osorik eta ortografia-arauak errespetatuz idazten badira.

Eta ahozko hedabideetan? Berriak emateko, dokumentaletarako... eredu estandarra behar dugu. Baina bestelako programa-motetan? Gonbidatuek beren euskara eramango dute, eta aurkezleek nola egin behar dute? Zein euskara-eredu behar dugu film eta serieak bikoiztean euskaldunen belarriei zurrun gerta ez dakien? Zenbat bider entzun dugu Goenkaleren arrakastaren zati (on) bat euskara-ereduari zor zaiola? Haren naturaltasunari? Hor ere nahitaezko baldintza da, nire iritziz, hitzak osorik ahoskatzea. Dena dela, badugu guztiok, bai euskaltzainok eta bai euskalgintzako gizon-emakumeek ere, eztabaidarako eta lanerako arlo joria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.