Gustu guztietarako desfileak hiriburuetan

2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zenbait hiriburutan ere ospatuko dituzte inauteriak asteburu honetan. Gasteizen, esaterako, konpartsen desfilea egingo dute larunbatean, 18:00etan, eta igandean, 12:00etan. Asteartean, sardina erretzearekin agurtuko dituzte inauteriak.

Bilbo «hiriburu zinematografiko» bihurtzea nahi du jai batzorde mistoak: herritarrek «figurante» izateari utzi eta «protagonista» bihurtzea. Ospakizunak gaur hasiko dituzten arren, egun handia etzi izango da. Berrikuntza gisa, Bilboko bost dantza taldek Euskal Herriko aratusteetako dantzak eskainiko dituzte, bakoitzak inauteri tradizional bat aukeratuta.

Donostian ere larunbatean eta igandean izango dira desfileak, 17:00etan, erdiguneko kaleetan. Guztira, 26 konpartsatako 2.000 lagunek desfilatuko dute, eta konpartsa horietatik hemeretzi aterako dira karrozarekin. Horren aurretik, ordea, euskal inauteriak egingo dituzte, gaur bertan, Parte Zaharrean barrena; gainera, Eskola, Gizaldi eta Trebeska dantza taldeek emanaldi bana egingo dute Konstituzio plazan, 20:00etan.

Iruñeko Alde Zaharreko inauteriek kutsu aldarrikatzailea hartuko dute, Alde Zaharra, oporretarako hiria lelopean egingo baitituzte. Auzoan turismoaz duten kezka azaleratu nahi dute. Biharko desfilea, esaterako, Nabarrerian hasi, eta «Alegria de Iruñea D'Or oporretarako konplexuan» amaituko dute; etzi ere kalejira egingo dute, Carmen kaletik hasita, eta geldialdiak egingo dituzte Maravillas gaztetxean, Unzu aterpetxean eta Santa Ana plazan. Igande goizean, Iruinkoko libertimendua egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.