jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Nire Tokio

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Autobusaren eta taxiaren leihotik ezagutu dugu Tokio. Edo jatetxeren edo supermerkaturen batera janari bila joandakoan. Gutxi, deus ez esateagatik.

Badia bat. Itsaso bat hirian. Itsaso zainak hiriaren barruan. Zubiak. Altzairua, kableak eta iltze zapalak. Herri bat ematen duen hiri zatia hemen; film edo telesail futurista bateko hiria han. Hirigintza kaotikoa. Etxeorratz distiratsuak. Etxe txikiak ondoan. Hirigintza ezinezkoa. Eraikin karratu bat hemen. Hiruki bat ondoan. Eraikinak indartzeko altzairuzko egiturak, lurrikaren kontra.

Auto ilarak. Bozinarik jotzen ez duten gidariak. Ibilgailu zaharrik ez. GPSak, Tokio amaiezinean ez galtzeko. Autoak elkarren gainean aparkatzen dituzten aparkalekuak. Sirena hotsa gauean.

Oinezkoek eta txirrindulari azkarrek elkarrekin partekatzen dituzten espaloiak. Gatazkarik ez. Txirrindulari asko. Herritarren zabor poltsak kalean pilatuta. Zaborrontzirik ez. Paperik edo txakur kakarik ere ez lurrean. Non daude txakurrak eta katuak?

Beroa. Hezetasuna. Indarrak lehortzen dituen beroa; ideiak melatzen dituen hezetasuna. Aterkiak abuztuan. Aire girotua lagun, aire girotua etsai.

Jatetxeak. Jatetxe asko. Txikiak. Noodle-ak. Arroza. Egun osoan irekita dauden dendak. Seven Eleven. Prestatutako janari asko. Plastikozko janaria. Janaria plastikoan. Plastiko tontorrak eguna bukatzerako. Frutarik ez. Platanoak, asko jota. Arrainik ez. Etxea, zerua, hegaluze lata batean. Kontuz wasabiarekin.

Erreberentziak. Sentipen deserosoa. Japoniera zaparradak ahoetatik. Ingelesik ez. Japoniarra japonieraz, hala ere. Behin hasita, euskalduna euskaraz. Lost in communication.

Ez dugu Tokio ezagutu. Ez ditugu japoniarrak ezagutu. Badaukagu itzultzeko aitzakia.

Arigato gozamaisu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.