Europarako lehian sartuko da Athletic, gaur Vila-reali irabazten badio

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Datorren denboraldian Europan egoteko postuen borrokara gehiago gerturatzeko, puntu garrantzitsuak izango ditu gaur jokoan Athleticek San Mamesen, Vila-realen kontra. Zuri-gorriek oso partida ona jokatu zuten astelehenean Cadizen, eta gaur goiko postuetan dagoen talde baten kontra berretsi nahi dute emaitza eta joko bolada onean direla.

Vila-realek bost jardunaldi daramatza ligan irabazi gabe, nahiz eta ostegunean, Europa ligan, 0-2 hartu zuen mendean Salzburgo. Unai Emeryren taldeak partida horretan pilatutako nekea baliatzen saiatuko da Athletic.

Marcelino Garcia teknikariak honela aztertu zuen atzo neurketa, atari prentsaurrekoan. «Argi dago partida garrantzitsua dela. Izan ere, galduz gero Vila-real 11 puntura aldenduko litzaiguke». Cadizen irabazi ostean, taldea «alai, gogotsu eta egiten ari denarekin oso ziur» ikusten du entrenatzaileak. «Asteleheneko partidaren bide beretik segitu nahi dugu». Aurkariaz ere mintzatu zen. «Lesioekin ez du zorte handirik izan. Baina goian egongo den taldea izango da, maila handiko jokalariak baititu».

Gaurko neurketan Unai Nuñez eta Mikel Vesga ez dira ariko, txartel pilaketengatik. Iñigo Martinezek atseden hartu zuen Cadizen kontra, eta ia ziurra da erdiko atzelaria hasierako hamaikakora itzuliko dela gaurkoan.

Vila-real pixkanaka ari da min hartuta izan dituenak berreskuratzen. Peña eta Capoue zalantza dira. Baina taldeko izarretako bat, Gerard Moreno aurrelaria, jokatzeko moduan da.

ATHLETIC-VILA-REAL
Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, I. Martinez, Yuri; Dani Garcia, Unai Lopez, Berenguer, Muniain; Raul Garcia eta Williams
Vila-real. Asenjo; Foyth, Albiol, Pau, Pedraza; Capoue, Parejo,Trigueros; Gerard Moreno, Moi Gomez eta Alcacer. .
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. San Mames.
Ordua. 21:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.