400 ahots, liburu bat

Hamaika orduz jarraian irakurri zuten atzo 400 pertsonak Itxaro Borda idazlearen '%100 basque' liburua, Bilboko Arriaga antzokian

Arriaga barnean aritu ziren liburua irakurtzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Kultura, politika, kirola, ekonomia, telebista, hezkuntza... Gizarteko arlo guztietako pertsonak igaro ziren atzo Bilboko Arriaga antzokitik, eta guztiek eginkizun bera izan zuten: Itxaro Borda idazle lapurtarraren %100 basque liburua irakurtzea. 8:00etan hasi eta 19:00ak arte, Arriaga plazatik igarotzen ziren guztiek ikusi zuten bertan jarritako pantaila erraldoia, eta, bertan, etengabe aldatzen zihoazen irakurle eta hizlariak. Pertsona ezagunekin batera, Bilbo Zaharra euskaltegiko 200 bat ikaslek ere parte hartu zuten. Hamargarren urtea izan da aurten Klasikoen Irakurketa Jarraitua egin dutela, euskaraz idatzitako klasikoak gogoratzeko eta euskarari omenaldia egiteko.

Aurten irakurritako testuak, baina, aurreko urteetakoek baino zailtasun handiagoa izan du askorentzat, batik bat iparraldeko euskalkian idatzita dagoelako. Hori dela eta, sakelako aplikazio bat sortu dute, hiztegi arruntetan aurki ezin zitezkeen liburuko hitzak barne hartuta. «Bordarekin batera lan egin dugu, eta horri esker lexiko aldetik zeuden zailtasunak gainditu ditugu», azaldu du Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasle Jon Maguregik. Horrez gain, nabarmendu du irakurriko duten liburuaren inguruko hausnarketa egiten dutela urtero euskaltegian. Ipar Euskal Herria eta euskalkien mundua eta emakumezko idazleak landu dituzte aurten. Pozik zegoen Maguregi jendearen erantzunarekin. «Gutxik egiten dute piper; jendea zintzo jokatzen ari da. Irakurle bakoitza bi minutuz aritzen da».

Esaldien ordena ere arazotsua izan dela esan du Maguregik. «Horrek zailtasun bat ematen du, baina ikasleak ekinean ari dira dena prestatzen, eta sekulako lana egiten ari dira». Zuzenean irakurtzeaz gain, noizbehinka mundu osoko pertsonek irakurtzen zituzten pasarteak ere tartekatu zituzten, bideoetan.

EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletako ikasleak eguerdian aritu ziren euren pasarteak irakurtzen. Rosa Laforgaren iritziz, testua «zaila» izan da, baina laguntzarekin lortu du dena ulertzea. «Egun hauetan egin ditugun saioez gain, etxean ere aritu naiz altuan irakurtzen eta nire ahotsa grabatzen. Ahalik eta ondoen egin nahi dut, azken finean», esan du. Berak iazko irakurketan ere parte hartu zuen.

Borda bera ere egun osoan egon zen irakurleak entzuten, eta berak irakurri zituen liburuko lehen eta azken pasarteak. «Oso laster pasatzen ari zait. Bakoitzak bere nortasunetik, gaitasunetik eta sentimenduetatik irakurri du bere pasartea», azaldu zuen; horregatik, oso «hunkigarria» iruditu zitzaion. Ez du argi izan liburua irakurtzea egokiena izango zenik: «Hasieran zalantzak nituen liburuaren aukeraketarekin, baina azkenean konturatu naiz aukera ona izan dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.