UDAKO SERIEA Familiak migrazio prozesuen amaraunean (IV). Petra Elser. Banaiz Bagara elkarteko koordinatzailea

«Sarri askotan, gauza moralista bat izaten da: 'Zuk ikasi euskara'»

Nagusiki erdaraz bizi den gizarte batean, etorkinek nekez erreparatzen diote euskarari; egoera horri buelta emateko, bide berrien bila ari da Banaiz Bagara elkartea. Elserrek sortua da.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2017ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Etorkin askorentzat euskara zeinen arrotza den adierazteko Banaiz Bagara elkarteko koordinatzaile Petra Elserrek (Frankfurt, Alemania, 1963) kontatzen dituen pasadizo asko barregarritzat har daitezke. Hotzikara bat ere sentiarazten dute. « Asko dira etorri eta euskararen inguruko arrastorik ez daukatenak», ohartarazi du. «Hona etortzen direnean, askok uste dute Espainiara etorri direla, eta espainieraz hitz egiten dela. Batek, adibidez, kalean agur, agur, agur entzuten zuela eta, hiztegian begiratu zuen, espainierazkoan; jakina, ez zuen aurkitu. Beste batek, lan egiten zuen etxekoak telefonoan jarduten zutenean 'bai, bai, bai' esanez entzun, eta pentsatu zuen: 'Hara, nola hitz egiten duten hemen ingelesez!'». Ezagutzen ditu, halaber, euskarazko hizkuntza ereduen beldur diren gurasoak.

Nola erakarri etorkinak euskarara? Zer falta dela uste duzu?

Ongi legoke zerbait egitea, programaren bat. Gu saiatu ginen, esaterako, urte batean. Udan, bereziki, etorri berrientzat ikastaroak ematen saiatu ginen; gurasoak eta haurrak, elkarrekin. Ez zen nahiko jende apuntatu. Ez da erraza; izan ere, sarri askotan jendea sakabanatuta dago, herrietan. Horrek izan beharko luke zerbait instituzionala: indartsua. Udaran, adibidez. Ohikoa izaten da, esaterako, haurrak dituen gizon bat hemen badago, uda garaia aprobetxatzea umeak ere ekartzeko, sorterrian ikasturtea amaitu dutenean.

Bete gabeko hutsuneetako bat hortxe ikusten duzu, beraz...

Bai, bai: dudarik gabe. Gure taldeetara etorri izan dira, esaterako, ume eta nerabeak, nahiko galduta. Izan ere, gure taldeak ez daude prestatuta ume eta nerabeentzat, baina hori zen, hein handi batean, zuten aukera bakarra. Oro har, urte guztian eskolen ardurapean uzten dira hizkuntza indartzeko taldeak eta abar, baina hor badago beharra gehiago egiteko. Gainera, ez da hizkuntzaren lehen kontaktua ematea bakarrik: hor jarraipen bat egin behar da. Harrera planetan, oro har, nolabaiteko orientabidea ematen da, informazioa, baina ez da nahikoa eskuorri bat edo liburuxka ematearekin. Ezin da pentsatu jendeak, liburuxka bat eman, eta horrekin bilatuko duela non matrikulatu umeak edo non topatu euskaltegia. Aukera beharko litzateke jendeak ondoan nolabaiteko orientatzaile bat izateko, jendearen autonomia kendu gabe, paternalismora jo gabe.

Euskara bazterreko hizkuntza izateak ez du batere lagunduko prozesuotan, ezta?

Hala da; sarri askotan, gauza moralista bat izaten da, behatza zuzenduz egindakoa: «Zuk ikasi euskara», «ongi datorkizu». Baina gero esaten dizute: «Ez dakit zergatik. Gero kalean ez duzue hitz egiten». Bada beste kontu bat; adibidez, Marokotik bazatoz eta Lanbideko ikastaro batera bazoaz, esaten dizuten lehena da: «Zuk gaztelaniaz jakin arte, ezin duzu horietako batean parte hartu». Orduan, zer ikasiko du jendeak? Beste gai bat, oso garrantzitsua, helduen hezkuntza iraunkorra da; jende askorentzat huraxe da lehen heldulekua. Lehen aipatu dudan orientazio zerbitzuaren funtzioa horrek betetzen du sarri. Debalde da, gaztelania ikas dezakezu... Euskara herri batzuetan eskaintzen dute, baina oso sinbolikoa da; ez dago egitasmorik benetan jendea elebitasunaz ohartzeko edo hizkuntza erabilgarri egiteko.

Diskurtso arriskutsuak sortzen ari dira, etorkinen presentzia lotzen dutenak euskararen ahultze prozesu batekin...

Hor oso garrantzitsua da herritarren kontzientzia; alegia, kolore eta jatorri ezberdinetako hiztunak dituen hizkuntza komunitatearen ikuspegi bat izatea. Gaur egun, Europan ez dago nortasun bakar bateko gizarterik: ez da existitzen. Etorkizunari begira, ikusi behar da nola gorde identitatea, baina ateak irekita jatorriko ezberdinetako jendeari.

Eskoletako hizkuntza ereduekin nola jokatu, esaterako, nerabetan kanpotik heldu diren ikasle berrien kasuan?

Bueno, nik ezagutzen ditut euskara ikastetik salbuetsita geratu diren ikasleak, 15-16 urteko ikasleak. Salbuetsi zituzten, eta dena gaztelaniaz ikas zezaketela esan zieten. Baina horrek kentzen die gazte horiei aukera gero euskaraz erlazionatzeko, euskaraz lan egiteko. Hor aukera malguak beharko lirateke; nahiz eta zuk gaztelaniaz egin ikasketak, gazte horiek aukera izan behar lukete kalitatezko hizkuntza irakaskuntza izateko euskaraz. Nahiz eta hainbat ikasgai, edo etsaminak, esate baterako, gaztelaniaz egin.

Garrantzitsua da metodologian hizkuntzaren erabilera eta praktikotasuna sustatzea, ezta?

Bai, garrantzitsua da nola irakatsi, eta nola izan gero gizartearekin harremana; abandonatutako ikasgai bat izan ez dadin gero. Irakaskuntzan berrikuntza asko aipatzen da, baina hizkuntzen irakaskuntzan ez da berrikuntza handirik sartu. Hizkuntzak irakastean, irakatsi behar da gizarte hau non bizi den euskaraz, non eduki ahal den harremana euskararekin... Horretan, lehen esan dudanez, garrantzitsua litzateketutore antzeko bat izatea.

Askotan, bitxikeria gisara aurkezten dira euskara ikasi duten etorkinak. Ez da mesedegarria...

Ez, ez, ez. Hori ulertzekoa zen igual orain dela hamabost urte, immigrazio masiboa hasi zenean. Baina batzuek egina dute ibilbide bat hemen: jendeak badaki euskaraz. Ezagutzen ditut pakistandarrak, senegaldarrak, latinoak, errusiarrak, finlandiarrak, nepaldarrak, ni neu... Jende horrek hemengo gizartearen benetako protagonista izan behar du.

Zer esanik ez bigarren belaunaldi deitzen diren horiei begira...

Askotan, aitzakia bat da bigarren belaunaldiena. Jende askok eskuak garbitzen ditu: «Hauek ja ez dute ikasiko; hauen seme-alabek, bai». Baina, hara, hona etortzen direnek askotan hogeitaka urte dituzte: horrek esan nahi du 50 urte edo gehiago egin ditzaketela hemen. Urte horietan zein hizkuntzatan bizi? Hori da gai bat. Beste gai bat bigarren belaunaldiko kide asko ja hemengoak sentitzen direla: euskaldunak dira beste kolore batekoak, edo etnikoki beste jatorri bat dutenak.

Bihar: Bigarren belaunaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.