Osasunak merezitako garaipena lortu du Sportingen aurka

Kike Barja baloia kontrolatu nahian, atzoko partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ruben Garciak 73. minutuan faltaz egindako gol ikusgarri batek urrezko hiru puntu eman zizkion atzo Osasunari, Sadarren, Sportingen kontra. Behetik gora egin zuen Nafarroako taldeak, eta 1-0 irabazi zuen azkenean. Errenta handiagoa ere merezi izan zuen, nagusi izan baitzen partidako azken ordu erdian. Garaipenak zalantzak uxatzeko balio die gorritxoei, aurkari zuzen bat aise azpiratu, eta sasoi honetan aurrenekoz atea hutsean utzi baitzuten.

Lehen zatia orekatua eta itxia izan zen. Presio gogorra egin zuten bi taldeek, eta horren eraginez, joko eta aukera gutxi ikusi ahal izan zen. Abagune garbiena David Rodriguezek izan zuen, neurketa hasi eta berehala, baina haren saiakerari arrapostu ona eman zion Mariño atezainak. Atsedenetik bueltan, pixkanaka aurkariaren zelaian finkatzen hasi zen Osasuna, eta azkenean gainetik pasa zitzaion aurkariari. Arrisku handia sortu zuen bi hegaletatik, eta neurketa azken ordu laurdenean sartzear zela topatu zuen saria, Ruben Garciaren bidez. Area ertzetik gol ikusgarria egin zion bere talde ohiari.

Azken txanpan ere nagusi izan ziren nafarrak, eta hainbat aukera on barkatu zituzten. Sporting jota zegoen ordurako; hortaz, sufritu gabe eutsi zion emaitzari Osasunak. Jagoba Arrasatek tentsioz bizi izan zuen lehia, eta epaileak egotzi egin zuen 62. minutuan.

Bestalde, neurketaren aurretik omenaldia jaso zuen Javier Flaño jokalari ohiak. Noaingoak iazko sasoiaren amaieran utzi zuen bere bizitzako kluba, eta taldekide ohiek garaipen baliotsu batekin egin nahi izan zioten gorazarre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.