Golak. 0-1. Merinok (5. min.). 0-2. Sorlothek(71. min.). 1-2. Lewandowskik (90. min.).
Premia gehien zuenean hautsi du Realak Camp Nouko madarikazioa. 32 urteren ostean, talde txuri-urdinak irabazi egin zuen atzo Bartzelonaren estadioan: 1-2. Garaipen handia da, historikoa.
Camp Noun nagusituta, Realak aurrerapausoa eman du hamar urteren ostean Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Liga bukatzeko hiru jardunaldi falta direla, bost punturen aldea du bosgarren sailkatuarekiko, Vila-realekiko. Realak bezala, hark ere irabazi egin zuen atzo: 1-2 Gironaren zelaian. Alde polita da, baina ez erabakigarria. Aurki izango da lehia estu horren hurrengo atala: datorren asteartean, Realak Almeria hartuko du, eta egun bat geroago, Vila-realek Cadiz jasoko du.
Txuri-urdinek baliatu egin zuten Bartzelonak festa giroan igaro zuela astea liga irabazi ostean. Hamaikako lehiakorra atera arren, etxekoak ez ziren bete-betean aritu; Realak ere ez zien utzi, partida handia jokatu baitzuen. Berehala atera zion etekina horri: Mikel Merinok kontraeraso bikaina biribildu zuen bosgarren minutuan.
Golak Bartzelona esnarazi zuen, eta arriskua sortzen hasi zen. Aukera garbiak izan zituen, baina baita Realek ere, Barrenetxeak. Atsedenaldian, ezin hobeto zihoan neurketa txuri-urdinentzat.
Bigarren zatian estutzen jarraitu zuten etxekoek. Baina 71. minutuan, beste kontraeraso batean, Sorlothek bigarren gola egin zuen. Eskura zegoen balentria lortzea. Lewandowskik 90.ean sartutako golak beldurra sartu zion Realari, baina ez zen gol gehiago egon.
BARTZELONA 1 - 2 REALA
Garaipen historikoa amesten segitzeko
32 urteren ostean, Realak irabazi egin du Camp Noun, eta aurrerapausoa eman du Txapeldunen Ligarako sailkatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu