KRITIKA. Musika

Rapsodaren ikuskizuna

Nikolai Luganski pianista. JEAN BAPTISTE MILLOT / EUSKADIKO ORKESTRA.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaritza: Robert Treviño. Pianoa: Nikolai Luganski.Egitaraua: A. SchoenbergenGau itxuraldatua op. 4eta S. Rakhmaninoven Paganiniren tema baten gaineko rapsodia op. 43. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Ekainak 11.

Musika erromantikoaren hondar uneetan kokatzen diren arren, arras desberdinak dira Arnold Schoenberg eta Sergei Rakhmaninov: esperimentazioaren eta berritasunaren bideari ekin zion lehenak; bigarrenak, aldiz, izaera kontserbatzailea eta anakronikoa mantendu zuen.

Edonola ere, Schoenbergen Gau itxuraldatua gerora garatu zuen lengoaia atonal edo dodekafonikotik urrun dago oraindik. Richard Demehlen poesiarekin topatu ostean idatzi zuen hari seikotearentzat, 1899an, eta 1917an hari-orkestrarako moldatu. Brahms eta Wagnerren artean hoberena nor ote zen eztabaidan, Schoenbergek biak barneratu zituen olerki sinfoniko honetan. Euskadiko Orkestrako harien trinkotasunean agertu zen maitaleak gidatzen dituen ilargite sotila, eta Treviñok ez zuen lan eskergarik egin behar izan egiturak eta gaien elkarrekikotasuna garbitasunez helarazteko.

Baina benetako liluradura Nikolai Luganskik Rakhmaninoven rapsodian eskaini zuen ikuskizunari zor diogu. Ezagunak dira pianista errusiarraren birtuosismoa eta dotorezia, pianorako idatzitako errepertorio zail eta konplexuena ere argitasun osoz eskaintzea ahalbidetzen diotena. Orkestra lagun min izan zuen oraingoan, ongi ulertuz zein zen bakoitzari zegokion ataza. Honela, Luganskik bere tasun guztiak zabaldu ahal izan zituen: aberatsa izan zen koloreetan, dinamiketan ziurra, pedalean maisu, arrapaladan datozen esaldietan hizlari iaioa. Gu, entzule estasiatuak.

Pandemian ezarritako murrizketek baldintzatutako denboraldi honen aurkezpenean Euskadiko Orkestrak aditzera eman zuen programa guztiek erromantizismoa izango zutela ardatz. Hala izan da. Haatik, bidaiaren amaieran, ezinezkoa zait baieztapen horri ñabardura garrantzitsu bat ez eranstea; izan ere, arteari dagokionean hain garai oparoa izanik, eta pieza garaikideren bat eskainita ere, beste behin soilik gizonezko konpositoreek idatzitako musika ekarri du taulara. Pentsatu nahi dut ibili gabe utzitako bideak etorkizun hurbilean argiz beteko dituztela. Osatugabeak izango gara beti bestela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.