Urmuga, plurala eta gazteagoa

Urmugako kontzertuen egitaraua aurkeztu dute Donostian. Uztailaren 13tik 31ra egingo dute ekinbidea, bigarrenez, mendia eta musika batzeko. Sarrerak salgai daude.

Urmugaren antolatzaileak, babesleak eta musikariak, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Dena prest dago Urmuga den hari ikusezin horrek Euskal Herria lotzeko. Urmuga bailaretan dauden herrietara musika, poesia eta mendizaletasuna eramateko». Hori esan du Arantzazu Ibarrondok Urmuga ekinbideko egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan. Donostiako Blas de Otero plazan egin zuten aurkezpena, atzo.

Uztailaren 13tik 31ra bitartean egingo dute aurten ekinbidea. Batetik, 385 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute, Garobel mendilerrotik hasi eta Hiru Erregeen Mahaira arte. Bestetik, kontzertuak antolatu dituzte ibilbidea igarotzen den lekuetan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, www.urmuga.eus webgunean.

Felipe Uriarte izan da Urmugako mendi ibilaldiaren gidaria. Hitzartzean, batetik, Luis Pedro Peña Santiago mendizale, etnologo eta idazle donostiarra izan du gogoan, Urmugako zeharkaldi handia liburuaren idazlea. Bertan idatzi zuen idazleak ibilbidea, hainbat poemarekin; bestetik, Aldatz Gora Bilboko mendi elkarteko Patxi Galez hitz egin du, elkartearen 75. urteurrena ospatzeko Urmugako ibilbidea egin baitzuten, hari zehatz-mehatz jarraituz: «Gure Urmugak jaso nahi du Peñaren poesia eta Aldatz Gorakoen zorroztasuna».

Mikel Zeberio izan da musika egitarauaren zuzendaria. Kartelean «aniztasun handia» dagoela nabarmendu du, eta aurten musikari gazte gehiagok parte hartuko dutela: «Joan den urtekoaren aldean berritasun handiena da gazteagoak diren eta, hortaz, beste esparru batzuk ordezkatzen dituzten kantari gazteek parte hartuko dutela. Beste freskura bat emango digu horrek». Herriz herri ibiltzeak eta kontzertuak herri txikietan egiteak «xarma» duela dio, eta «esanahi berezi bat» ematen diola ekinbideari, herritarren inplikazioari esker.

Maider Zabalegi eta Mikel Moreno musikariek hartu dute hitza ondoren, eta esker ona adierazi diete antolatzaileei. Zabalegik iazko Urmugan ikusle gisa parte hartu zuela azaldu du, eta aurten, aukera emandakoan, zalantzarik gabe eman zuela baiezkoa, mendia eta musika, biak maite dituelako. Harentzat, Urmuga «hegan egiteko modu bat, gustatzen zaidan bi gauza horiek uztartuta egitea» dela adierazi du.

Mendiarekin «zorretan»

Mikel Moreno, aldiz, «desiratzen» dago kontzertua iristeko. Musikariak mendiarekin, nolabait, «zorretan» daudela dio: «Mendian topatzen dugun lasaitasun hori ez dugu beste leku batean topatzen, eta sorkuntzarako inspirazioa lortzen dugu mendiari esker».

Erakundeetako ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan: Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak kultura «mendi, kale eta antzokietan gozatu eta balioztatzeko» deia egin du:«Herri baten nortasuna da», adierazi du.

Bide bat marraztu dutela azaldu dute, eta urte askotan jarraitzea espero dutela, hari ikusezin batekin Euskal Herria josten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.