Julen Gabiria.
Urmuga. IRITZIA

Perspektiba, ibilian

2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Ibiltzea sorkuntza mota bat da. Hala sinesten dut, agian hala sinestea komeni zaidalako: ohiko sorkuntzarako denbora askorik ez dudanez, ase dezadan egarria beste moduren batean. Kostatu zitzaidan ohartzea, baina geroztik badakit, denbora-muga estuegirik gabe ibiltzera irteten naizenean, nolabaiteko sorkuntzan ari naizela. Oso norberaren baitakoa, baina sorkuntza hala ere.

Mendiak badu zerbait, baina, sorkuntza ortodoxoagoak ematen ez duena: orientatzeko aukera, inguratzen zaituena perspektibaz ikusteko parada. Idazterakoan, unean uneko testuan murgilduta, esaldi bakoitzaren estetikari erreparatzen diozu, sinesgarritasunari, hitz bakoitzaren egokitasunari, kontakizunaren norabideari; baina zailagoa da, hain buru-belarri murgilduta egonik, zehazki non zauden jakitea: perspektibaren zentzua lausotu egiten da sorkuntza betean.

Batzuek bidea goraipatzen dute, askok ez dute bakerik gailurra zapaldu arte, baina bidean zein gailurrean perspektibaz begiratzea eta orientatzen jakitea bezalako pribilegiorik, gutxi. Hortxe lortzen duzu, eta ziurrenik hortxe bakarrik, bizitza osoan nekez lortuko duzun zerbait: zeure burua eskala errealeko mapa batean kokatzea, inguru osoaz jabetzea, eta zure benetako neurria zein den kalibratzea. Ez soilik paisaiari dagokionez: perspektiba eta orientazioa barruranzkoak ere badira; eta horretan bai, ibiltzeak badu antzik sorkuntzarekin.

Urmuga ere sorkuntza da: herrialde baten mapa desegituratua hartu, eta ardaztu urratsez urrats, osotasunaren zentzua eman, herri bat sortu ibilian. Gaur Angulo mendatean hasi eta hiru aste barru Hiru Erregeen Mahaira heldu arte, Euskal Herriaren inguruko perspektibarik onena oinez urratuko da, sorkuntza-prozesu bati esker.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.