nerea loiola pikaza
Urmuga. NARRAZIOA

Ardi galduak (eta IV)

2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ardien bila abiatu da Leire. Aingeruk lana du eta gurasoak etorri dira bisitan. Haserre doa bere buruarekin: zergatik antzezten du zorion perfektua gurasoen aurrean? Segan dabil norbait inguruan; txistu hots erritmikoa, haizatua. Zergatik ez da gai esateko: Gustura bizi naiz hemen, baina ez nago nire onenean oraintxe. Haientzat porrota litzatekeela uste du. Edo berak hartzen dio porrot usaina?

Birao batek eten dio gogoeta, Josetxo azaldu da lasterka. «Liztor putasemeak». Besoko hiru ziztadak erakutsi dizkio, «Gorroto diten sega-hotsa». Ardiak atrapaderoaren gainaldeko zelaian dituela esan dio, eta goizean bereak bakarrik zeudela. «Txoro galantak ditun eta, auskalo; Xebek hala esan badin, han ibiliko ditun». Lagunduko diola nahi badu. Leirek ezetz, bakarrik egoteko gogoz dago; eta ez du inorekin konpartitu nahi aurkitzen ditueneko garaipena.

Autobiapeko langa handia ireki ezin eta gainetik pasatu du. Belardian ez da animaliarik; eguzkia goraka datorrenean, azkar bilatzen dute abaroa. Josetxoren argibideei jarraikiz, gora egin eta berehala aurkitu ditu haren ardiak, zuhaitz hostotsu baten gerizpean. Margo urdina dute hauek, eurenek arrosa. Dena urdin.

Inguruan beste pare bat itzalgune daudela eta, eskuak patrikan, lanari paseo zaporea ematen saiatu da: mendia arnastu, ikuspegia mamitu; betidanik nahi izan du eta naturan bizi! Eguzkia bere gorenean. Halako batean, ahotsak; ezohikoa. Berriketan datoz; horiek ez dira lanean ari, pentsatu du, bizitzen dabiltza. Zuhaitz artetik zelatatu ditu eta taldean emakumeak ere badirela ikustean atera da bidera. Urmuga egiten ari direla azaldu dio gizon burusoil berritsu batek Leirek ardiengatik galdetu dienean; eta baietz, ikusi dituztela duela gutxi, baina ikaratu eta aienatu egin direla; eta ez, ez dakiela norantz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.