Julen Gabiria.
Urmuga. IRITZIA

Antzeztokiaren gainean

2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ibiltzea sortzea dela esan nuen aurrekoan, baina, norberak ibilian sortzen duenaz gain, mendira joatea bada toki horretan iraganean izandako sorkuntza guztien gainean ibiltzea ere. Zentzumen guztiak behar dira performance hori erabat aktibatu dadin, baina badakizu, oinak edonon jartzen dituzula ere, zerbait gertatu izan dela hor zu agertu aurretik. Zeu zara, une honetan, antzeztoki horrekin bat egiten ari dena, baina ez da komeni ahaztea, garai bateko zinemek etengabeko emanaldiak eskaintzen zituzten moduan, mendi, bide, harkaitz eta zelaiak ere etengabe berritzen ari den iraganez josita daudela.

Gaur, esaterako, Barazar utzi eta Zumeltzako aerodromora iritsita, Saibiko gaina izango dute urmugalariek parez pare, gerra irabazi zutenek altxatutako gurutzea beti bistan. Nahikoa da etapari ekin baino lehen zerbait irakurtzea 1937ko apirilean hamar egunez inguru hauetan izandako batailaz, pauso bakoitzak beste zentzu bat har dezan. Iragan horren berri izan gabe, zapaltzen ari zaren lubakia edo bonba-zuloa ikusi ere ez duzu egingo; horren jakitun zarelarik, aldiz, parean duzun antzeztoki erraldoia bizitasunez zeinen borborka dagoen jabetuko zara. Handitasun sor hori zain dago gau eta egun, baina kontziente den oinezko bat behar du berpizteko, liburuek irakurlea behar duten moduan zentzua hartzeko. Kotxez, errepidetik begiratuta, sekula ez duzu mendiaren iraganeko taupada sentituko; ez dago oinez joatea baino ezer motelagorik, ez errealitatera itsatsiagorik.

Urmugaren gainetik goaz, baina oinpean dugun historiaren izenean isuritako odolmugaren mapa ere diseinatu liteke egunen batean; ibilbide bat marraztea, esan beharrik ez dago, eraikitzear dagoen narrazio bat sortzea baita.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.