nerea loiola pikaza
Urmuga. NARRAZIOA

Ardi galduak (I)

2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Hogeita bi, hogeita hiru eta hogeita lau. Kaka. Zazpi falta dira. Ingurura begiratu du Leirek, maldan gora eta behera. Zazpi ardi ez dira erraz desagertzen, alde egin ez badute behintzat. Mugikorra atera du poltsikotik, elastikoarekin izerdia lehortu eta orduari begiratu dio. Asubeko Triniri esan dio itzuliko zela haurra esnatu aurretik. Lasai egoteko erantzun dio hark, edukazioz: esnaera petralekoa da Aner. Estaldurarik ez, hortzak estutu ditu. Aingeruri deitu eta bi gauza esan nahi zizkion, bera ez dela zazpi ardi tuntunen bila ibiliko, eta ezin direla animaliak eduki, lanean 24 orduko txandak egiten badituzu. Baina, estaldurarik ez.

Azpirotzerako bidea hartu du maldan gora, hogeita lau ardiak pago amerikanoaren itzaletan lasai. Besteak Araxeseko iturrira hurbilduko ziren agian. Errepideaz oroitu da. Beheko langa zabalik badago eta galtzadara atera badira berriz? Orduari begiratu dio eta mendian behera abiatu da amorruz.

Sasiak hankan eragin dion minak gelditu du. Negargura jarri zaio, ez zauriarengatik. Iratze hostoekin odoljarioa eteten ari dela entzun du Etxaluzeko Xebe. Hemen kostako artzaina... Zutitu egin da Leire. Irribarretsu begiratzen dio Xebek, hamar bat pausotara, makila batean bermatuta. Leirek beti ikusten du lizunkeria haren begiratzeko maneran. Errudun sentitzen da maiz, harroputz; polita izateagatik gizonezkoek desiratuko dutela pentsatzeagatik. Goitik behera begiratu dio Xebek. Gora eta behera begiratu du Leirek. Behera doan bidezidorrean dago gizona, Leirek pentsatu du sasien gainetik egin beharko lukeela larrituz gero.

«Zazpi ardi falta ditugu».

«Begiratu dun goian, Mergelun? Asubekoekin elkartuta akaso txoro horiek».

Akaso. Xeberekin berriketan egin du herrirako bidea. Anerrek lotan segitzen du ailegatu direnean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.