nerea loiola pikaza
Urmuga. NARRAZIOA

Ardi galduak (II)

2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Instagramera igo berri duen argazkiko lehen planoan bere eskua ageri da katilu bati heltzen; atzealdean, terrazako baranda beltz distiratsua; eta, urrutian, Malloak, behe-lainoa tontorretan sigi-sagan. Aralarri begira gosaltzen... igandea hasteko plan hoberik?, irakurri daiteke irudiaren azpialdean.

Argazkian atera ez duen plastikozko mahai higatuan utzi mugikorra, eta koilaratxoarekin kafeari eragin dio. Gehiegi berotu du. Katilua mugikorraren ondoan utzi eta barandara gerturatu da, besoak bermatu eta lepoa luzatu du burua doi bat atzera eramanez. Sakon hartu du arnasa. Bi urte Azpirotzen bizitzen eta pareko mendien izenetatik bakarra ikasi du: Ttutturre. Aralarrera begira harrapatzen dutenetan errepikatzen dizkiote bertakoek tontorren izenak. Ordea, horixe bakarrik gordetzen du gogoan; ez daki tontorra hitzarekin duen antzekotasunarengatik den edo tuntuna-rekin duenagatik.

«Bizitzeko da polita Azpirotz, ez lanerako», esan zion Asubeko Josetxok iritsi berritan, belar-meta bat egin osteko afari-pasan akitua zegoela ikustean. Ia erantzun zion ezkutatzeko leku polita ere bazela; gurasoak, lagunak, bikotekide ohia eta haren kideak bistatik galtzeko aproposa. Gazteena eta arinena, eta kanpotarrena izanik, metaren gaineko lanetan jarri zuten. Ez zen ausartu polenari eta hautsari alergia ziela esaten eta, denen usteen kontra, fin bete zuen kalekumeak bere eginkizuna. Antihistaminiko baten bila joan behar izan zuen biharamunean, arnasa estu eta begi bat zabaldu ezinik.

Sustoa hartu du Aingeru gerturatu zaionean Aner besoetan duela. «Negarrez ari zunan, neska; ez al dun entzun?». Besotan hartu du semea. «Falta diren ardien bila joango gaitun Elostara».

«Xebek esan zidan Mergelun begiratzeko, Asubeko ardietan».

«Nik baino hobeto jakingo din hark! Elostara joango gaitun».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.