nerea loiola pikaza
Urmuga. NARRAZIOA

Ardi galduak (III)

2021eko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Lagunak ziren Aingeruk bere etxea eskaini zionean; lagunak baino, ezagunak. Leirek ez zuen zalantzarik egin: gurasoenera itzultzea zuen alternatiba bakar. Anerrek zortzi hilabete izan, eta ez zuen aldaketaren handia sumatuko. Aurreneko larru jotzeak egarriz zukutu zituen Leirek. Orain, gogorik gabe egiten du, aseptikoki, epel; eskatzen ez dion alokairuaren ordainetan, agian; edo gurasoen etxeko mamuari ihesi.

Gaizki bukatu zuten Elostan atzo: Bat: Falta diren ardien arrastorik ez. Bi: Sastraka artera gogoz kontra barneratu eta hankak urratu zituen Leirek (eta praka motzengatik sekulakoak aditu gainera). Hiru: Ezin zuen Aner lurrean utzi. Hiru-puntu-bat: Kasketa harrapatu zuen Anerrek. Hiru-puntu-bi: Gerria txikituta itzuli zen Leire etxera, Aingeru sasitzan utzita. Lau: Aingeruk bereak eta bi esan zizkion bakarrik uzten zuelako. Bost: Ez dute hitzik egin atzotik.

Anerrekin Asubera joatea erabaki du, ea Trinik bazkaltzera gonbidatzen duen eta Aingeru ikusi gabe igaro dezakeen eguna. Lan zaila hogeita hamar biztanleko herrian, baina ez dio atzokoa berehalakoan barkatuko. Ez zuen alferrik gaizki tratatzen zuen gizon bat utzi, halako beste baten ondoan amaitzeko. Pentsatu berri duen esaldia memorizatu nahian abiatu da, horixe esango dio Aingeruri hitza itzultzen dionean.

«Aurkitu al ditun ardiak?». Hormigoizko askaren ertz batean eserita dago Xebe, zakurrak ura edan bitartean. Ezustean harrapatu du berriro. Aldamenean esertzeko keinua egin dio. Aner zakurrarekin jolasean utzi eta gizonaren ondoan eseri da. «Aingeruren oihuak entzun nitinan atzo, dena ongi?». Atzamar batez askako ura irabiatzen hasi da Leire eta baiezkoa erantzun dio.

«Nik askoz hobeto zainduko hinduket».

Barreak alde egin dio neskari eta semea besoetan hartuta Asuberantz jarraitu du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.