Julen Gabiria.
Urmuga. IRITZIA

Izenen eskala irreala

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Umetan ez nituen Basauri eta Durango bereizten: izenak, alegia. Izanik gabeko bi izen baino ez ziren niretzat, edukirik gabeak.

Garai hartakoa da, zortzi urte neuzkanekoa, Benito Lertxundiren Altabizkar / Itzaltzuko bardoari disko bikoitza. Lehen abestia Altabizkarko kantua da, 20 minutuko monumentua, Erdi Aroa zer zen ez nekien arren atoan eramaten ninduena oso garai urrun eta ilunetara. Altabizkar zen, niretzat, esanahirik eta edukirik gabeko beste izen bat, baina bazen iltzatuta geratu zitzaidan doinu bat ere, ulertzen ez nuen zerbaiten kutsu bat, irekitzeko zain zegoen ate bat. Gerora jakingo nuen Astobizkar dela kantuan aipatzen den mendi hori, Urmuga honetako 14. etapan zeharkatuko dena.

Baina bigarren etapan gaude, urrun oraindik Errolanen akabuaren lekuko izan ziren bazterretatik: gaur, lehen kilometroetan Nerbioi ibaiaren jauzia igarota, Goiurikora helduko gara, Urkabustaizera. Txundigarria da Araba, beharbada Euskal Herrian ondoen gordetako sekretua. Hango mendietara noan bakoitzean, amorru-puntu batez amaitzen dut eguna, inguruok hain gutxi nola ezagutzen ditudan ezin ulertuta, eta, aldi berean, ikusitako tokiak inori ez kontatzeko erabaki irmoa hartuta. Araba hain zait lotsagarriro ezezaguna, ezen Urkabustaiz bera ere, ez hain aspaldira arte, Altabizkar moduko bat baitzen niretzat: esanahirik eta edukirik gabea, baina, Lertxundiren kantuari esker, emozio arraro batez betetako izena, ausarkeria handiz Zuberoan edo Nafarroa Beherean kokatuko nukeena.

Mendian ibiltzea eskala errealeko mapa batean kokatzea dela esan nuen atzo; baina, mendian ibili gabe ere, emozioen sareetan barrena murgiltzean, zer esperientzia preziatua eskala irrealeko mapa hauetan kokatzea ere.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.