Peru Magdalena.
Urmuga. IRITZIA

Hego-hegala

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hego-hegala, tximeletarena. Ebrora begiratzen duen urmugaren isurialdea.

Tanta bi erori ziren lainoetatik behera, beste milaka tantekin batera. Mendi punta ukitzear zeudela haize ufada batek tanta bat iparraldeko isurialdera bultzatu zuen. Gure gaurko tantak, ordea, hegoaldeko aldapatik egin zuen behera.

Behera egin zuen, haitz leun batean zehar. Likenen ondotik igaro, belar txikietan labain egin eta lurrean barrena iragazi zen. Zizareak, hutsuneak, mineralak, oihartzunak haizpeko galerietan zehar. Isilunea, argi puntu bat, argi gehiago, eta harlauza artetik atera zen bailara eguzkitsu eta zabal batera.

Errekasto txikia beste handiago batekin elkartu eta lursail horixken artetik egin zuen behera, lasai eta lodi. Eguzki loreak ikusi zituen. Berde argitik horira igarotzen ziren landak. Azal beltzarana zuen amona bat orburuak batzen. Zainzuriak al ziren ondoko horiek? Haizea. Eta bat-batean beste ibai zabalago batekin batu. Ur geldoak, lodiak, emari handikoak. Eta zeru zabalean iluntze infinitu bat, inongo mendilerro edo lainorik gabeko laranja erdia. Eta gauez izarrak, denak. Antzinako zubi erraldoiak eta katedralak. Eta bailara luze eta zabal eta horiak. Urtegiak, presak, giza eraikuntzak. Jausi eta segi. Harik eta haize ezberdin bat heldu arte; ibaia zabaldu, hedatu eta sakabanatu arte, oroitzapenak denboran bezala.

Arroz-soroak, txori migratzaileak, ura gazi. Eta itsasoa, izena lur artetik hartzen duen itsaso zaharra, eta hartan barrena gure tanta. Kaioak eta haizea. Arrain txikiak, koloretsuak, zapalak, luzengak. Eguzki erraldoia. Odisea baten neurriko korronteak. Izurdeak. Espezia usainak, berriz ere kaioak. Eta irla zuri-zuri bat. Ur gardenek harri zapal batean uzten dute gure tanta laguna, eguzkitan. Badirudi irla gainean laino bat sortzen ari dela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.