Peru Magdalena.
Urmuga. IRITZIA

Tximeleta bat

2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Tximeleta bat. Irudikatu tximeleta bat zeure buruan. Gorputza ardatz, hegal bana alde bakoitzean. Halakoa irudikatzen dut gure mendietako urmuga geografikoa. Fin-fina den lerro bat, goiko mendiertzetatik sigi-saga doana. Handik behera, alde bakoitzera hedatuz, emari bi. Hegal bi, gorputz arin batetik partitzen.

Euri-tanta huts bat erortzen da mendilerro puntan. Milimetroen arabera erabakiko da hego-isurialdera ala ipar-isurialdera bideratuko den. Geure bizitza bideratzen duten erabakiak bezala. Milimetro bat, segundo bi, beste pertsona bat. Beste pertsona bat, eta erabat ezberdin garatuko da geure bizitza.

Urmuga tximeleta bat da. Pla-pla egiten dute bi hegalek gorputzaren bandan. Iraganaren eta geroaren hegalek orainaren bisagran pla-pla egiten duten moduan. Neure izatea ere bi isurialdeek egiten dute. Iparraldekoak ditut amaren aldeko sustraiak. Hegoaldekoak aitaren aldekoak. Eta bien konbinaketak osotzen nauen moduan sinesten dut herri hau ere antzera samar osotzen dela, sustraiak motxilan eramanda, ibilian, bere bila dabilen borobilaren eran.

Mendi gailur baten azpian bizi garenok gora begiratzen dugu. Gure begirada hegalean gora doa, eta goian batzen da beste hegaletik ere gora begiratzen duten begiradekin. Bi begirada, mendi puntan elkartzen. Bi isurialde, mendiaren magal berean babesten. Estatuek ezarritako beste mugatik aparte, burokraziak ala poliziak ez dezakeen modu batean batzen gaitu urmugak.

Hamaika ero ari dira egunotan gure lurrak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen. Egunez egun eta pausoz pauso, gelditu gabe, tximeletak hegalak astintzen dituen edertasun iheskorrez. Gora begiratzen dut. Harrizko herri honek tximeleta gehiago behar ditu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.