Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Kanpaina

Beldurraren aurrean «itxaropena» aldarrikatu du EH Bilduk Gernikan

Ekitaldia egin du 1936ko estatu kolpearen urteurrenean. Otegik esan du ez direla erdibidean geratuko «frankismoaren oinordekoen aurrean»

Arnaldo Otegi, atzo Gernikan egindako ekitaldian. BERRIA.
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EH Bilduk Gernika-Lumon (Bizkaia) egin du ekitaldi politikoa, 1936ko estatu kolpearen urteurrenean. Data hori gogoan, «frankismoaren oinordekoen aurrean» ez direla erdibidean geldituko agindu dute EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eta Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak, eta eskuinaren oldarraldiari kontra egitekoeuren proposamena berretsi dute: «Eskuinaren aurrean, eskubide gehiago. Zentralizazioaren aurrean, subiranotasun handiagoa. Autoritarismoaren aurrean, askatasunak. Beldurraren aurrean, itxaropena. Etsipenaren aurrean, ilusioa».

Otegik esan du alde batean «Errepublikaren aurka altxatu zirenen oinordekoak» daudela, eta beste aldean, berriz, «herriak eta haien subiranotasuna» defendatu zituztenak: «Guk argi daukagu non egon ginen eta non egongo garen».

Berriro nabarmendu du beharrezkoa dela indar politiko guztiek «argi azaltzea» zertan erabiliko dituzten datorren igandeko hauteskundeetan lorturiko botoak, eta EH Bilduk boto horiek «eskuinen kontrako bermea» izango dituela zehaztu du: «EH Bilduren aldeko botoa Euskal Herriaren eskubideak eta askatasunak defendatzeko eta zabaltzeko bermea da».

Aizpuruak ere gogora ekarri du 1936ko uztailaren 18an gertatutakoa, eta esan du orduan Euskal Herria «jendearen eskubideen eta askatasunen alde» agertu zela. Esan duenez, EH Bilduk «subiranotasuna eta askatasunak» defendatuko ditu Espainiako Gorteetan, eta subiranotasuna «euskal herritarren bizitza hobetzeko politika publikoen bidez» gauzatzen dela: «Subiranotasuna bizi ahal izateko soldata bat da, pentsio minimo eta duina, gure portuak edo tren azpiegiturak kudeatzea. Enplegu politika, gizarte segurantza edo migrazio politikak ere badira subiranotasuna».

Aizpuruaren ustez, subiranotasuna «premia» da, «eredu sozial eta ekonomiko justu, zuzen eta aurreratu bat eraikitzeko tresnak» eskaintzen dituelako. Horregatik, hura defendatzeko prest azaldu da Euskal Herria «1936ra atzera eraman nahi dutenen aurrean».

Pentsioak hizpide

Hondarribian (Gipuzkoa) ere hauteskunde ekitaldia egin du EH Bilduk, eta han Aizpuruak pentsioak izan ditu hizpide. Esan duenez, EH Bilduren kezka zen pentsioak hobetzea, eta horregatik egin zuen akordioa alargun pentsioen eta kotizazio gabeko pentsioen zenbatekoa handitzeko: «Frogatu dugu ez garela hitz onetan geratzen; pentsiodunen interesen alde dihardugula erakutsi dugu».

Astelehenero pentsiodunek egiten dituzten mobilizazioak aipatu zituen Aizpuruak , eta haien aldarrikapenak aintzat hartuko dituztela erantsi zuen: «Gure konpromisoa argia da: pentsioak hobetzeko lanean jarraitzea». Iragarri du 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapena rekin bate egingo dutela. Izan ere, EH Bilduren hautagaiaren iritziz, pentsioena ez da «kontu txikia», ezta giza multzo bakar bati eragiten dion arazoa ere, eta aldarrikapen horietan «gizartea zaintzea eta babestea» dago auzitan.

Aldarrikapen horiek lortu ahal izateko «gehiago izatea» beharrezkoa dela uste du Aizpuruak, eta horregatik eskatu du EH Bilduren aldeko botoa: «Gehiago izan behar dugu politika publikoak pentsiodunek eskatzen duten norabidean kokatzeko. Gehiago izan behar dugu gehiago etahobeto lan egiteko gure herriko jendearen interesak defendatzeko».

«Aldaketa» Gipuzkoan

Jon Iñarritu Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak, berriz, hizpide izan ditu EH Bilduk udal eta foru hauteskundeetan Gipuzkoan lortutako emaitzak, eta orduan «aurreikuspenik onenak» gainditu zituztela esan du: «EH Bilduk Gipuzkoan erakutsi du ez daukala sabairik, ez eta konformatzeko asmorik ere». Haren ustez, «aldaketa» abian dago Gipuzkoan, eta igandeko hauteskundeetan aldaketa horretan sakontzeko aukera egongo da.

«EH Bildu da Gipuzkoako balio independentista, aurrerakoi, feminista, euskaldun eta antifaxistak hobekien ordezkatzen dituena», esan du Iñarrituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.