Burgosko Prozesuak 50 urte. Errepresioa

«Batez ere, inpunitatea izaten zen gogorrena»

Roberto Perez Jauregi gazte eibartarra hilik suertatu zen Burgosko Prozesuaren kontrako protestetan. Haren lagun eta burkide izandako Begoña Vesgak dioenez, urte askoan «ahaztutako biktima» izan da.

Roberto Perez Jauregi, ezkerrean, bi lagunekin. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Burgosko Prozesuaren kontrako protestetan Espainiako Poliziak Roberto Perez Jauregi balaz hil zuen Eibarren (Gipuzkoa). PCE(i) alderdiko kidea zen Perez Jauregi; Begoña Vesga (Quintanilla de San Garcia, Espainia, 1951) haren burkidea eta laguna izan zen, eta manifestazio hartan egon zen.

1970eko abenduan, 21 urte zituen Perez Jauregik, eta hemeretzi Begoña Vesgak. Biak ala biak PCE(i) edo Alderdi Komunista Internazionaleko kideak ziren. PCEren banaketa batetik sortutako alderdia zen PCE(i), garai hartan hain ugariak ziren ezkerreko beste talde bat.

Perezek eta Vesgak alderdian ezagutu zuten elkar, eta, Burgosko epaiketa iritsi zenerako, urtebete inguru zeramaten han: Perezek eta Vesgak militatzen: «Garai hartako gazte askoren moduan. Diktaduraren aurrean odola irakiten sentitzen genuen. Seguru asko, gure jatorriagatik, langileen askapenak gehiago kezkatzen gintuen: ni Eibarko auzo langile batean bizi nintzen, Txontan, eta etorkin familia batekoa nintzen. Garai hartan, harremana norekin egin, eta horren arabera amaitzen zenuen talde batean edo bestean, eta Roberto eta biok PCE(i)-ren zelula batean egon ginen beste kide batzuekin».

Abenduaren 3an, prozesua hasi zenean, greba orokorra egon zen Eibarren: «Erantzuna ikaragarria izan zen, eta lanuztea, erabatekoa. Kontuan hartu behar da Eibarko jendea bazegoela auzipetuen artean, Enrike Gesalaga eta Mario Onaindia adibidez, eta Jon Etxabe apaiza ere Eibarren aritzen zen. Jendea eta familiak ezagutzeak lagundu zuen sentsibilizazioan. Manifestazioak ere oso handiak ziren. Gu borroka klandestinotik gentozen, baina hura masa mugimendua zen. Lehenengo aldiz ikusi genuen frankismoaren kontrako erantzun jendetsua».

Tiroak manifestazioan

Hurrengo egunean ere manifestazioa izan zen iluntzean: «Salbuespen egoeran geunden, eta poliziaren kontrolak handiak ziren, baina, hala ere, jendeak kalera jo zuen. Untzagatik abiatu, eta poliziaren lehenengo oldarraldi bat egon zen. Manifestazioa moztu zuten, lehenengo tiroak entzun ziren, eta jendea barreiatu zen. Han, beste gazte bat zauritu zuten, hamazazpi urteko mutil bat, San Agustinen. Hala ere, aurrera egin genuen. Txonta auzoko sarreran barrikada bat egin zen, eta, han, Guardia Zibila ke potoak botatzen hasi zen, baina jendea ez zen barrikadatik aldentzen».

Perez Jauregi karmeldarren elizaren ondoan zauritu zuten. Vesgak dioenez, tiroa «bertatik bertara» egin zioten: «Ez ziren urrutitik ke poteak jaurtitzen ari ziren guardia zibilak izan, manifestarien artean infiltratutakoak baizik, kaleko jantzitako poliziak. Gau hura oso gogorra izan zen Eibarren. Pentsa, beste ihesbiderik ez, eta jende askok mendira jo zuen: inguruko baserrietako txakurren zaunkak gau osoan entzun ziren».

Perez Jauregi lau egun geroago hil zen, abenduaren 8an. Haren hilketak lorratz sakona utzi zuen, Vesgak dioenez: «Niri, batez ere inpunitatea egin zitzaidan gogorrena. Trantsizioan hainbat gauza onartu ziren, eta, adibidez, niretzat oso gogorra zen Aliciarekin [Alicia Jauregi, Robertoren ama] topo egitea eta jakitea semearen hilketa zigorrik gabe gelditu zela. Urte asko pasatu dira lehenengo aintzatespenak irisi aurretik; 2014ra arte biktima gisa ere ez zegoen onartuta, eta onarpena iritsi zenerako ama hilda zegoen. Injustizia handia izan da».

Badago beste xehetasun bat, Vesgari «mingarri» begitantzen zaiona: «Heriotzara zigortutakoek bizia salbatu zuten herriaren mobilizazioari esker, eta gero horietako batzuek ibilbide bat egin zuten PSE-EEn, baina sozialisten aldetik ahanztura handia egon da. Hori oso bidegabea iruditu zait beti, mobilizazioei esker bizia salbatu zuten batzuek Roberto bezalako biktimak ahaztuta eduki izana».

Vesgak «pertsona bikain» gisa gogoratzen du Roberto Lopez Jauregi: «Oso gazteak ginen denok, eta ilusioz beterik geunden. Baina nik esango nuke denon artean Roberto zela lasaiena».

Abenduaren 3an ekitaldi bat egingo dute Eibarko Coliseo antzokian, Goldatu elkarteak eta Eibarko Memoria Taldeak antolatuta, eta han, Burgosko epaiketaren 50. urteurrena gogoratzeaz gain, omenaldia egingo diote Perez Jauregiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.