Alconzak greban dirau

Langileek ez dituzte onartu 25 kaleratzeak. Auzitara joko dute

Alconzako langile talde bat, greba hasi zuten egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Alconzak Berangon duen plantako (Bizkaia) langileek ez dituzte onartu enpresak egin asmo dituen 25 kaleratzeak, eta grebarekin jarraituko dute. Negoziazio epea bukatu da, eta Irizarrek, enpresaren jabeak, 38tik 25era murriztu du kaleratze kopurua, baina ELAk (hiru ordezkari) eta LABek (bi ordezkari) duela 40 egun hasitako lanuzteari eutsiko diote. CCOOk (lau ordezkari), berriz, afiliatuen esku utzi du grebarekin jarraitu ala ez erabakitzea. Horiek hala, ekoizpen plantan behintzat ez dago jardunik. Langile batzordeak, halaber, auzitara joko du.

Alconzako erregulazio espedientearen negoziazio epea amaitu da, eta, espero bezala, ez da akordiorik egon. Batzordeak azaldu duenez, aurreraturiko hemezortzi erretiro eta aldi baterako erregulazio bat egiteko aukera jarri zuten mahai gainean, baina enpresak, Norte Gestion bulegoak ordezkatuta, ez zuen onartu. Enpresak, berriz, 38tik 25era jaitsi zuen kaleratze kopurua, eta urte eta erdiko soldataren adinako kalte-ordainak eskaini ditu. Batzordeak salatu egin du enpresak nola kudeatu duen kaleratze kopurua: hasieran esan zuen 38 izango zirela; azken bileran 32ra murriztu zituen, eta azkenean 25 kaleratze eskutitz bidali ditu.

Sindikatuek ez dituzte onartzen erregulazioaren arrazoiak, eta auzitara joko dute. Alconzak 29 urte milioi euroko galerak pilatu ditu azken sei urteetan, eta langileek uste dute kudeatzaileen jardun eskasaren ondorioz izan dela. 2013an, Irizarrek erosi zuenean, 250 langile ziren plantan, mugagabeak eta behin-behinekoak; egun, berriz, ehun inguru dira, eta, kaleratzeak egingo balira, 70.

60 urteko enpresa bat da Alconza, eta motor elektrikoak ekoizten ditu. Autobusetarako egin izan ditu, baina batez ere itsasontzietarako. Esaterako, petrolio eta gas plataformetara joaten diren ontzientzako motorrak egiten dituzte. Zuzendaritzaren arabera, egun «krisi gorrian» dago, itsas zabaleko petrolio eta gas plataformen sektorea hondoa jota baitago, eta kaleratzeak lantegia berpizteko plan baten barnean daude. Langileek ere ikusi dute lan karga gutxitu egin dela. Iaz, soldatak %5 jaistea onartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.