Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Oilar bat, eta hautagai asko

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, Utrechten. Roglic da faborito nagusia, baina lesio batetik atera berri da. Aurten bi etapa amaituko dira Euskal Herrian, eta hirugarren bat Bilbotik abiatuko da

Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Herbehereetan hasiko da, gaur, Espainiako Vueltaren 77. ekitaldia. Utrechtetik abiatuko da lehenengo etapa, eta Madrilen emango zaio amaiera lasterketari. Guztira 21 etapa jokatuko dira, eta horietatik zazpi mendikoak. Banakako erlojupeko bat eta taldekako beste bat ere egin beharko dituzte txirrindulariek. Zortzi euskal herritar izango dira tropelean.

Aurten, hiru etapatan arituko dira ziklistak Euskal Herriko errepideetan. Laugarren etapan, Gasteiztik Guardiarako (Araba) bidea egingo du tropelak, eta, etapa gorabeheratsua den arren, esprinterrentzat aukera paregabea izango da. Bosgarren etapa, berriz, Irundik (Gipuzkoa) abiatuko da, eta Bilbon izango du helmuga. Bost mendate igo beharko dituzte txirrindulariek —gogorrenak bigarren mailakoak—, eta faboritoek erasoren bat joz gero, lehenengo aldeak ikusteko aukera egon daiteke bertan. Bilbotik bertatik abiatuko da tropela zazpigarren etapan. Euskal Herria atzean utzi, eta Kantabriarako bidea hartuko du tropelak. Ihesaldiak aukerak izango ditu bertan.

Taldekako erlojupekoarekin ekingo diete txirrindulariek lasterketari. Hiru urte dira World Tourreko lasterketetatik kanpo dagoela diziplina hori, baina berriro ikusteko aukera izango dute gaur zaleek. Oso ibilbide teknikoa da Utrechtekoa, eta espezialistek ezin izaten dute horrelakoetan euren maila erakutsi. Taldeen trebezia aztertzeko balioko du.

Mendiko etapa handiak Euskal Herria atzean utzi eta gero iritsiko dira. Aipagarrienak, Panderan,Sierra Nevadan eta Piornalgo gainean amaituko diren etapak dira, eta faboritoen mugimenduak espero dira hiru egunetan. Gainera, Piornalgo gaina azken astean igoko dute, eta maillot gorria soinean duenaren aurkako estrategiak egiteko egun aproposa da.

Faboritoen artean Primoz Roglic (Jumbo) da izar handia, baina Richard Carapaz (Ineos), Jai Hindley (Bora) eta Joao Almeida (UAE) erregea tronutik kentzen saiatuko dira. Beste hainbat izen ere badaude kiniela askotan. Horien artean daude Quick-Stepeko bi izarrak: Julian Alaphilippe eta Remco Evenepoel. Frantziarra etapa garaipenen lehian aritu da, orain arte, hiru asteko itzulietan. Flandriako txirrindulari gaztea, aldiz, Donostiako Klasikoa bigarrenez irabaztetik dator, eta lehenengo aukera izango du itzuli handi batean benetan lehiatzeko. Italiako Giroan parte hartu zuen iaz, baina erretiratu egin zen.

Bost irabazle tropelean

Espainiako Vuelta irabazi duten bost txirrindulari izango dira, aurten, tropelean: Roglic, Simon Yates (BikeExchange), Chris Froome (Israel), Vincenzo Nibali (Astana) eta Alejandro Valverde (Movistar). Nibalik eta Valverdek, gainera, azken itzuli handia izango dute erretiroa hartu aurretik. Nairo Quintana (Arkea) ere bertan egotekoa zen, baina parte ez hartzea erabaki du, Frantziako Tourrean positibo eman eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.