Gotorlekua erori egin da

Alavesek galdu egin du 'Mendizorrotza faktorea'. Zelaian gozakaitz dabil, irabazteko arazo frankorekin. Hori gutxi balitz bezala, Iraultza 1921 zale taldeak jarduna eten du.

Mendizorrotzako harmailak, ia hutsik, partiden ordutegien kontrako protesta gisa. ALAVES.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Etxean une gogoangarriak bizi izan ditu Alavesek sasoi honetan. Zaleen oroimenean luzez iraungo dute, besteak beste, Real Madrilen aurka lortutako garaipen historikoak eta lehen itzulian oro har emandako maila ikusgarriak. Arabarrek hemeretzi puntu batu zituzten etxean jokaturiko lehen bederatzi neurketetan, bost irabazi eta lau berdinduta. Mendizorrotzan gotorlekua eraikita, guztiz egingarri bilakatu zen hamazazpi urteren ostean Europarako sailkatzeko ametsa. Ordea, errealitatea aldatu egin da ordutik. Alavesek goiko postuen lehian jarraitzen du, baina jada ez du etxeko ibili sendoaren sostengua: bertan sei lehia jokatu ditu bigarren itzulian, eta horietatik bakarra irabazi du, hiru berdindu eta bi galdu.

Bolada txarra Rayoren aurkako porrotarekin hasi zen. Alavesek bederatzi hilabete zeramatzan etxean galdu gabe, eta gutxien espero zenean egin zuen kale, jaitsiera postuetan zen talde baten aurka. Gerora jarraipena izan duen gabezia bat erakutsi zuen orduan: golak sartzeko zailtasuna. Hiru baino ez ditu egin etxeko azken sei neurketetan; bi Levanteri irabazteko, eta bat Eibarren kontra berdindutako derbian. Celta eta Atletico Madrilen aurka, aldiz, ezin izan zuen baloirik sareratu. Lehen itzulian ere ez zen oso emankor aritu: partidako 1,2 gol sartu zituen etxean. Aldiz, batezbestekoa 0,5era jaitsi da sasoiaren bigarren zatian.

Sormenik eza da gakoa, eraginkortasun falta bainoago. Aukerarik nekez sortzen du, eta, hartara, oso zaila da golak egitea. Etxetik at ere agerian ari da gelditzen arazo hori, baina nabarmenagoa da Mendizorrotzan. Lehen, etxean erritmoz aldatu eta bertikala eta zorrotza izateko gaitasuna zuen; azkenaldian, aitzitik, lauago ari da jokatzen. Ekimenarekin ez dago eroso, kontraerasoetan ez dabil bizkor eta zehatz, eta geldikako jokaldietan ez da lehen bezain arriskutsua. Erasoko ardura ia guztia Jony eta Inui hegalekoen esku dago, eta haiek maila eman ezean, aurrera egiteko modurik gabe gelditzen da. Hala gertatu zen, esaterako, azken lehian, Leganesen aurka. Gasteiztarrek sakontasun gutxi izan zuten hegaletan, eta jaurtiketa bakarra egin zuten atera neurketa osoan.

Edonola ere, aurrea hartu zuten markagailuan, Callerik penaltiz sartutako gol bati esker. Lehen itzulian, aurrerapauso hori ziurrenik nahikoa zatekeen, etxeko sendotasuna eta zaleen hauspoa lagun. Ordea, arabarrak hauskorrago dabiltza orain, eta partidak ixteko arazoak dituzte. Leganesen aurka bana egin zuten azkenean, eta Eibarren aurka ere emaitza bera lortu zuten, orduan ere aurretik jarri arren. Atletico Madrilen aurka, berriz, sasoiko astindurik handiena jaso zuten: 0-4. Oso bigun zelairatu ziren, eta 11. minuturako 0-2 atzetik ziren jada. Etxeko lehen bederatzi lehietan sei gol sartu zizkieten, eta azken seietan, zazpi. Hots, jasotako golen batezbestekoa 0,66tik 1,16ra handitu da. Aldea ez da ikaragarria, baina bai Alavesen gisako talde defentsibo baten planak zapuzteko adinakoa.

Harmailetan ere, hotz

Mendizorrotzako beherakadak eragin zuzena izan du sailkapenean. Sasoiaren zatirik handiena sei talderik onenen artean eman du Gasteizko taldeak, baina jada bi jardunaldi daramatza Europako postuetatik kanpo. Nolanahi ere, oraindik badu itxaropena hara itzultzeko, puntu bakarrera baitu Valentzia, seigarren sailkatua. Aukerak urratzeko, hobera egin beharko du etxean gelditzen zaizkion lau partidetan. Hasteko, Valladolid hartuko du etzi, eta hobe du espainiarren aurka hiru puntuak batzea, ondoren Bartzelona eta Reala izango baititu bisitan. Bukatzeko, Gironaren aurka ariko da ligako azken jardunaldian.

Gerta liteke neurketa horietan guztietan Alavesek harmailen hausporik gabe jokatzea. Izan ere, Iraultza 1921 jarraitzaile taldeak bere jarduna eperik gabe etetea deliberatu du, Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordetik jasotako «presio, zigor eta debekuengatik». Talde hori da Mendizorrotzako giroari gatza eta piperra ematen diona, eta, haren babesik gabe, harmailak ia mutu gelditzen dira. Hori garbi asko ikusi zen Leganesen aurkako lehian. Klubeko zuzendaritzak «kezkaz» eta «pena handiz» hartu du Iraultza 1921en erabakia, eta bazkideen defentsa «indartu» egingo duela iragarri. Manu Garcia taldeko kapitainak, berriz, elkartasuna adierazi dio Iraultza 1921 jarraitzaile taldeari: «Klubari eta txapelketari balioa ematen dien kolektibo bat da, eta denei eskatzen diet ahalegina egin dezatela egoera konpondu dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.