Bilboko Aste Nagusia

Euskaldun izatea errazteko

Duela hamabost urte sortu zuen Hau Pittu Hauk Euskara saria, hizkuntzaren aldeko konpromisoa omentzeko. Lehenengo aldiz, musikari bati eman diote makila: Fermin Muguruzari.

Muguruza eta konpartsako kideak, saria banatzeko ekitaldian. M. RAMIREZ / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Hau Pittu Hau konpartsak 2003an sortu zuen Euskara saria, «euskararen garapenaren, normalizazioaren eta ofizialtasunaren aldeko lana egin duten elkarte eta pertsonak» omentzeko helburuarekin. «Kontuan izanda saria Euskalgunean eta jai herrikoi eta euskaldunen erdigunean ematen dugula, hainbat eta hainbat euskal musika taldek jo duten eta jotzen duten agertokian bertan, harrigarria gerta daiteke saridunen zerrendan orain arte musikaririk ez egotea. Zorionez, hutsune hori aurten beteko dugu». Hau Pittu Hau konpartsako kideek atzo egin zioten estreinakoz omenaldia musikari bati: Fermin Muguruzari.

Biziprest egunaren aitzakian, Euskalgunean egin zuten herri bazkariaren bukaeran jaso zuen makila Irungo (Gipuzkoa) musikariak. Ehunka lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan. Konpartsako kideek bezala, berak ere 2003ra egin zuen salto eskertzean. Urte hartan Euskaldunon Egunkaria itxi zutela ekarri zuen gogora. «Ni Bilbon nengoen, Kafe Antzokian, Manu Chaorekin. Gero Madrilera joan nintzen, sari hura jasotzera. Denok izango duzue gogoan zer gertatu zen. Eta Mauriziak bezala esan nuen: «Aupa, Fermin! Hau izan da jasoko duzun azken saria. Baina ez, hamabost urte pasatutakoan hemen nago, Euskara saria eta zuen guztien babesa jasotzen».

Egunkaria-ren itxiera salatzeko, 2003 hartan Ruper Ordorikak egindako kantua ere ekarri zuen gogora: «Berak esaten zuen inork ez ziola esan zein nekeza den euskaldun izatea, hobe zela munduko herritar izatea. Baina ez; guk euskaldun izatea hautatu genuen, eta, nekeza bada ere, batzuetan nekatu arren, makila honen laguntzarekin, aurrera jarraituko dugu».

Hau Pittu Haukoek Muguruzak berak euskarari eta euskalgintzari emandako babesa gogoratu zuten. Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA aipatu zituzten; baina baita Korrika, AEK eta euren konpartsa ere. Izan ere, 25. urteurreneko kantuan kolaboratu zuen, Luz de Putas taldearekin.

«Bereziki hunkigarria» egin zaio atzoko omenaldia. Eta baita Brikitekin oholtza partekatzea ere: Negu Gorriak taldearen Itxoiten kantuaren bertsioa interpretatu zuen abeslari bilbotarrak, ekitaldiaren bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.