Leioa waterpolo taldea

Txikiak handia egin du

Leioa waterpolo taldea lehen aldiz ariko da Espainiako Ohorezko Mailan, datorren denboraldian. Jon Lopez entrenatzaileak eta Virginia Cobos kapitainak espero dute igoerak balio izatea igerileku «gehiago eta hobeak» egin daitezen.

LEIOA WATERPOLO TALDEA.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herriko waterpoloak bi talde izango ditu Espainiako maila nagusietan datorren sasoian: gizonezkoetan, Iruñeko Navarra, eta, emakumezkoetan, Leioa. Iruñekoak urteak daramatza maila gorenean. Bigarrenak, ordea, lehen aldiz jokatuko du. Bizkaiko taldea bigarren zen Lehen Mailako sailkapenean koronabirusagatik liga eten zutenean, eta Espainiako Federazioko Ordezkarien Batzordeak ebatzi zuen bigarren mailako aurreneko bi sailkatuak igoko zirela. Leioak WP9802ri hartu dio lekukoa. Iruñeko taldea da emakumezkoen Espainiako koskarik gorenean aritu den azken euskal taldea. Duela bost urte izan zen. Aspaldiko hutsune hori betetzera dator Leioa.

«Txikitasunetik egindako lorpen itzela da», aldarrikatu du Jon Lopezek, taldeko entrenatzaileak (Leioa, Bizkaia, 1982). «Goi mailetan taldea duen herririk txikiena da Leioa. Klub txikia gara, apala, eta gure azpiegiturak ere apalak dira. Meritu handia du egin dugunak. Oso pozik gaude». Pena bakarra dute: ezin izan dutela behar bezala ospatu. «Ezin izan dugu elkarrekin ospatu, ez igerilekuan, ezta kalean ere. Baina izango dugu aukera behar bezala ospatzeko. Sekulako lorpena da. Ametsa bete dugu», dio Virginia Cobosek, taldeko kapitainak (Bilbo, 1992).

Bulegoetan hartutako erabaki baten ondorioz igo da Leioa maila nagusira. Lopezen ustez, uretan ere lortuko zuten. «Oso denboraldi ona egin genuen. Bigarren ginen. Sinetsita nago lortuko genuela. Ez da izan oparia, saria baizik, merezitako saria».

Cobosek bi gako nabarmendu ditu: «Batetik, egungo jokalariok lauzpabost urte daramatzagu elkarrekin jokatzen, eta oso ondo ezagutzen dugu elkar. Oso talde batua gara. Hori da gure indargunea. Gainera, klubak oso belaunaldi ona eman du. Bestetik, bikain ekin genion ligari, lehen itzulian jokatutako hamar partidetatik bederatzi irabazi baikenituen, eta bat berdindu. Horrek konfiantza handia eman zigun. Izan ere, helburua ez zen igotzea. Baina partidek aurrera egin ahala, eta irabaziz joan ahala, ikusi genuen ametsa egia bilaka zitekeela. Orduan erabaki genuen gogor borrokatuko ginela, eta, presioak nahi baino gehiago kalte egin digun arren, lortu genuen».

Harrobia, helduleku

Leioako kideak jabetzen dira «jauzi itzela» dela maila nagusira igotzea, «sekulako jokalariak» baitaude bertan. «Europako txapelduna da Espainia, eta selekzio horretako jokalariak ligan aritzen dira. Katalunian eta, bereziki, Bartzelona aldean talde puskak daude. Jokalari asko profesionalak dira. Gureak, ordea, erabat amateurrak dira. Are gehiago, kuota ordaintzen dute», azaldu du Lopezek.

Hala ere, Leioak bereari eutsiko dio. «Oinarriari eutsi nahi diogu, eta, ahal izanez gero, norbait fitxatu. Zaila izango da norbait ekartzea, diruz ez baikabiltza sobera, eta Leioa waterpoloko erdigunetik urrun baitago. Baina argi dugu harrobia izango dela gure heldulekua. Hari esker iritsi gara hona, eta hala jarraituko dugu. Argi dugu hori dela klub honen zigilua. Horrek egiten gaitu ezberdin». Adierazpen horrek are eta indar handiagoa hartzen du jokalarien zerrenda ikusita. Izan ere, Miren Urizar eibartarra eta Aurore Sacre frantziarra ez beste, guztiak dira harrobikoak. Gehienak, gainera, Leioakoak bertakoak dira.

Horiekin guztiekin saiatuko dira maila goreneko talde handienekin borrokatzen. «Erronka zaila da, eta beldur pixka bat ematen du, sekulako maila baitago. Baina saiatuko gara gure onena ematen. Argi dugu esperientzia itzela izango dela», aitortu du Cobosek. Argi dute ere ez zaiela babesa faltako. «Taldea erabat errotuta dago herrian. 200 kide baino gehiago ditugu. Baina, zoritxarrez, ez dugu gehiagorentzat tokia. Txiki geratu dira gure azpiegiturak», azpimarratu du Lopezek.

Hain zuzen Lopezek eta Cobosek espero dute taldea Ohorezko Mailara igo izanak balio izatea euren baldintzak hobetzeko. «Waterpoloak gora egin du azken urteetatik hona, baina igerileku falta traba ari da izaten gehiago hazteko. Bizkaian, adibidez, ez dago olinpiar igerileku estalirik», nabarmendu du Lopezek. Sakonetan entrenatzen dira, baina jokatu, Askartzan, Sakonetak ez baititu baldintzak betetzen. Cobosek azaldu duenez, igerilekuko hiru kaletan entrenatzen dira, gauez, 21:00etatik 23:00etara. «Gustatuko litzaiguke baldintza hobeagoetan entrenatzea. Ea igoerak horretarako balio duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.