Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Jomugan

2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen eta hizkuntza eskubideen kontrako erasoaldia sumatu da azken aste eta hilabeteetan. Etenik gabea da kontua, baina intentsitate handiagoa hartzen du batzuetan, apalagoa bestetzuetan. Iparraldeko murgiltze ereduaren kontrako ebazpena Frantziako Konstituzio Kontseiluaren eskutik, Irungo udaltzainen deialdi publikoan euskara irizpideak baliogabetu zituen epaia EAEko Justizia Auzitegi Nagusitik... Jite bereko epai batetik dator Nafarroan euskararen dekretuarekin gertatzen ari dena ere, aurreko gobernuaren euskara dekretuaren kontrako ebazpenak edukiz hustu zuelako. PSNren gobernuak hogei hilabete daramatza dekretu berri bat agintzen, eta edukietan atzerapausoak egongo direla iradokitzen edo filtrazio bidez adierazten.

Udazkenerako espero da, eta manifestazioa egin zuten atzo Iruñean atzerabide hori oztopatzen saiatzeko eta ozen esateko ez dituztela onartuko «iraganeko hizkuntza politika ilunak».

Administrazio batetik bestera aldeak dauden arren, azkenaldiko erabaki horiek adierazten dute euskararen aurrerabidea ez dagoela inon bermatua; ez Nafarroan, ez Ipar Euskal Herrian, baina ezta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere. Atzera ez egiteko, herri harresiak eraiki behar dira, bateko erasoei bestetik ere erantzunez, besteari egindako erasoa norberaren kontrako eraso gisa hartuz. Hizkuntza eskubideen kontrako edozein eraso guztien eskubideen kontrakoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.