Pilota. Binakakoaren finala. Jon Ander Peña. Baikoko pilotaria

«Onenekin joka dezakedala erakutsi diot neure buruari»

Estreinako ezin hobea izan du Peñak Lehen Mailako binakakoan, finala jokatuko baitu. «Oso pozik» dago txapelketan nola jokatu duen ikusita, baina nabarmendu du Albisuk «izugarri» lagundu diola.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Jon Ander Peña (Tolosa, Gipuzkoa, 1997) berehala ohartu da zer dakarren Lehen Mailako final bat jokatzeak. «Bi ordu pasatxo daramat kazetarien galderak erantzuten». Badaki «seinale ona» dela.

Nola sentitzen zara finalaren atarian?

Oso pozik gaude Jon Ander eta biok. Txapelketa oso ona egin dugu, eta sari ederra jaso dugu.

Merezita zaudete finalean?

Baietz uste dut. Lau hilabete iraun du txapelketak, eta oso erregular aritu gara hasi eta buka. Partida ia guztietan aritu gara ondo.

Hori guztia, zu debutaria izanda.

Bai, baina nik banekien Jon Anderrekin bikote ona egin genezakeela. Indartsuak izan gara, sasoiz, jokoz eta buruz. Horri esker, erregulartasunari eutsi diogu. Horrek eraman gaitu finalera.

Nekez izan zenezakeen estreinako hoberik, ezta?

Ezin dut gehiago eskatu: aurreneko ahaleginean sailkatu naiz finalerako. Onenekin joka dezakedala erakutsi diot neure buruari.

Zalantza zenuen?

Bai, alde handia baitago Lehen eta Bigarren Mailaren artean. Baina oso ondo ikusi dut neure burua. Horretarako, funtsezkoa izan da Jon Anderren laguntza. Ikaragarri aritu da, eta izugarri lagundu dit. Gauza on asko eman dizkiogu elkarri. Nire helburua ikasten eta hobetzen joatea zen, eta bete dut. Baina ez nago konforme. Argi dut asko dudala hobetzeko, eta jo eta ke egingo dut lan pilotari hobeagoa izateko.

Asko ikasten ari zara?

Bai. Nabarmena da jauzia Lehen eta Bigarren Mailaren artean; aurkari guztiak oso onak dira. Astero landu beharra dago nola egin ahal zaien min. Ondo aritu gara partidei heltzeko aurreko lanean, eta nik asko ikasi dut.

Presiorik gabe aritzeak mesede egin dizue?

Bai. Niri mesede handia egin dit enpresaren eta bikotekidearen konfiantza izateak. Horri esker, oso gustura aritu naiz, ausart.

Hasi berri batentzat Albisu «bikotekide perfektua» dela esan duzu?

Eta hala da: izugarri laguntzen zaitu. Jotzaile bikaina da, baina horrez gain, lan asko egiten du kantxan, eta pila bat laguntzen dio bikotekideari. Konfiantza helarazten dizu une oro. Hasieratik oso ondo moldatu gara elkarrekin, eta horri esker, oso bikote indartsua osatu dugu.

Laugarrenez jokatuko duzue finalean Elezkano II.a-Zabaletaren aurka. Denetarik gertatu da aurrekoetan: irabazi egin zenieten lehen ligaxkako bietan, eta astindua eman zizueten finalerdietako neurketan. Zer itxura hartzen diozu igandeko lehiari?

Oso partida zaila da, bikote oso indartsua baitira. Erakutsi dute besteok baino koska bat gorago daudela. Azken partidan, ondo irabazi ziguten, baina guk ez genuen gurea eman. Gurea emanez gero, badakigu irabaz diezaiekegula. Horri heldu behar diogu. Halako bikote indartsu batek gaina hartzen dizu askotan, eta oso aukera gutxi uzten dizkizu. Sendo aritu behar dugu, opari gutxi egin, eta aurrean aukerak aprobetxatu.

Haiek dira faborito. Haiek izango dute presio osoa?

Bai. Guk ez dugu ezer galtzeko; aspaldi bete genuen gure helburua, bikain bete ere.

Txapela irabaziz gero, argi duzu nori eskainiko diozun?

Familiari, lagunei, neska lagunari eta hildako bi aitonei.

Ikuslerik gabe jokatuko duzue berriz. Ohituta egon arren, pena da, ezta?

Handia. Oso tristea da harmailak hutsik ikustea. Baina txarrenari onena bilatuta, gure lana egin eta gehien gustatzen zaigunaz gozatzeko aukera dugu. Iritsiko da zaleak itzuliko diren eguna, eta poza bueltatuko da frontoietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.