Bengoetxea VI.a ezustekoa saihesten saiatuko da gaur Hendaian

Jaunarena joko bolada bikainean iritsiko da leitzar aurrelarien arteko manomanistako final-laurdenera

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Oinatz Bengoetxeak eta Jon Jaunarenak buruz buruko txapelketako final-laurdenetako bigarren partida jokatuko dute gaur, Hendaiako pilotaleku bizian (Lapurdi, 17:30, Nitro). Leitzarren arteko derbia Lapurdin jokatuko da, eta harmailek itxura bikaina izango dute. Kantxak 20 euroan salduta errazago betetzen dira, are gehiago partidak hainbeste ikusmina sortzen badu. Nabarmentzekoa da Endaiarrak pilota elkartearen 40. urteurreneko ekintzen barruan dagoela jaialdia.

Bengoetxea VI.arentzat txapelketako lehen partida da. 2008an buruz buruko txapeldun izan zenetik ez ditu finalerdiak pasa, eta hor dauka aurtengo helburua berriz ere. Lehen oztopoa, baina, ez da erraza izango, Jon Jaunarena manomanista petoa baita. Iaz 2. Mailako txapeldun izan zen, eta aurten, Asier Olaizola (22-3) eta Jose Javier Zabaleta (22-12) kanporatu ditu asko sufritu gabe. Bi partidetan min handia egin du sakearekin. Halere, gaur aurrekoekin zerikusirik ez duen aurkaria izango du, Bengoetxeak airez gehiago jokatzera behartuko baitu. Irabazleak Irujo eta Beroizen arteko partidako irabazlea izango du aurkari finalean.

Puntistak, batasun eske

IJAPAk, AEBetan jokatzen duten zesta-punta pilotarien elkarteak, bat egin du azken egunetan sare sozialetan zabaldu den zesta-punta profesional txapelketa bateratu eskaerarekin. Puntistek agerraldia egin zuten atzo, «kalitatezko txapelketak» eta horietan edozein puntistak joka dezala eskatzeko. Horretarako, zesta-punta enpresei eta Munduko Pilota Batzarrari zein Nazioarteko Pilota Federazioari modu bateratuan lan egiteko eskatu diete. Era berean, Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaritzari eskatu dio auzian bitartekari lanak egiteko, sustatzaile nagusia den heinean. Iaz, Munduko Pilota Batzarrak Jai-Aliveko pilotariekin bakarrik antolatu zituen txapelketak, eta, horregatik, besteak beste, Diego Beaskoetxeak eta Erik Irastorzak ezin izan zuten jokatu. Duela urte batzuk antzeko egoera izan zen Masterjaikoek bakarrik jokatzen zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.