Qatarko Munduko Kopa. FRANTZIA 2 - 1 DANIMARKA

Hautagaitza aurkeztuz

Frantziak partida ederra egin du Danimarkaren aurka, baina nahi baino gehiago sufritu du azkenerako. Argentinak lehen jardunaldiko arantza atera du

Antoine Griezmann eta Kylian Mbappe, Frantziaren atzoko partidako bi izarrak, irribarrez elkarri eskua ematen. JOSE SENA GOULAO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Kylian Mbappek (61. min.). 1-1: Andreas Christensenek (68. min.). 2-1: Kylian Mbappek (86. min.).

Kylian Mbappek bi gol sartuta eman zion garaipena Frantziari atzo.Bigarren faserako sailkatzea eskuratu du Frantziak, eta Munduko Kopa irabazteko hautagai sendoa da. Dena den,Antoine Griezmann izan zen Frantziaren jokalaririk garrantzitsuena. Frantziak haren erritmoan egin zuen dantza Danimarkaren aurka. Jokaldiaren oinarriraino jaitsi zen, eta bertatik abiatzen zuten erasoa Deschampsenek. Hala ere, ez zen horretara bakarrik mugatu. Realaren harrobian hezitako jokalariak areatik gertu ere min handia egin zuen baloirik gabe lerro artean mugituz, eta berak eman zuen bigarren goleko pasea.

Hegaletatik egin zuen min handiena Frantziak lehen zatian, batez ere Ousmane Dembelerekin. Etengabeko mehatxua izan zen Bartzelonako jokalaria, eta haren erdiraketek arrisku handia eraman zuten Kasper Schmeichelen ate ingurura. Jokalari asko iritsi ziren erdiraketa bakoitzean area barrura errematea egiteko asmoz, baina Danimarka sendo aritu zen area barruan.

Danimarkarrek kontraerasoan irten nahi zuten bakoitzean, ondo aritu ziren Frantziako atzelariak, eta Andreas Corneliusek izan zuen Danimarkaren gol aukera bakarra lehen zatian. Area barruan egindako jaurtiketa bortitza, ordea, gutxigatik joan zitzaion kanpora.

Bigarren zatiari ere ondo ekin zion Frantziak. 60. minutuan aukera garbia izan zuen Griezmannek markagailuan aurreratzeko. Lerro artean egindako mugimenduak bakarrik utzi zuen ate aurrean, baina errematea gora joan zitzaion.

Handik bi minutura iritsi zen Frantziaren lehen gola. Eskuin hegaletik eraman zuen arrisku handiena Frantziak, baina ezkerretik iritsi zen lehen gola. Theo Hernandezen eta Mbapperen artean gidatu zuten trantsizioa, eta, area barruan bat-bikoa egin eta gero, sarera bidali zuen baloia Mbappek.

Behin gola iritsita, bazirudien bigarrena ere iritsi zitekeela, baina Danimarkak lortu zuen gola sartzea, geldikako jokaldi batean. Cristian Eriksenek ateratako korner batek area barruan egin zuen botea, eta Andreas Christensenek, buruz, banakoa ezarri zuen markagailuan. Hazi egin zen Danimarka, eta Eriskenek eta Pierre-Emile Hojbergek errazago ikusi zuten bidea baloiarekin. Bigarrena ere gertu izan zuen Danimarkak handik bost minutura, baina Hugo Llorisek ondo urrundu zuen Jesper Lindstromen errematea.

Azken ordu laurdena ederra izan zen oso. Bi taldeek aukera garbiak izan zituzten bigarrena sartzeko, baina Frantziak lortu zuen. Griezmannek erdiraketa bikaina egin zuen bigarren zutoinera, eta Mbappek gorputza jartzea besterik ez zuen egin behar izan baloia sarera bidaltzeko. 2-1 amaitu zen partida, eta hurrengo jardunaldian erabakiko da zein selekzio sailkatuko den hurrengo fasera Frantziarekin batera.

Messik zabaldu zuen bidea

Argentinak ez zuen huts egin Mexikoren aurka, eta 2-0 irabazi zuen. Saudi Arabiaren aurka ezustean galdu ostean, berebiziko garrantzia zeukan atzoko neurketak. Ez zen partida bikaina izan, baina Leo Messik final-zortzirenetarako sailkatzeko bidea erakutsi zion Argentinari.

Eguneko beste partidetan, Australiak 1-0 irabazi zion Tunisiari, eta Poloniak 2-0 hartu zuen mendean Saudi Arabia. Frantzia da C eta D multzoetan sailkatuta dagoen talde bakarra. Beste zazpi taldeek aukera dute hurrengo faserako sailkatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.