Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Mikroorganismo plastikojaleak

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Leo Hendrik Baekeland kimikariak lehen plastiko sintetikoa sortu zuen 1907an, bakelita. Ordutik, makina bat erretxina sintetiko ezberdin asmatu dituzte, eta produkzioak etengabe gora egin du, bereziki azken hamarkadan. Izan ere, 2008 eta 2018 bitartean gizateriaren historia osoan baino plastiko gehiago ekoitzi genuen.

Ikerketa baten arabera, orotara 8.300 milioi tona plastiko ekoitzi ditugu, hau da, milioi bat Eiffel dorreren pisua. Gainera, plastiko horren guztiaren gehiengoa, 6.300 milioi tona inguru, hondakin bihurtu da, eta horrek ingurumenean izugarrizko kalteak eragiten ditu. Hori dela eta, gaur egungo erronka handienetakoa da plastikoa desagerraraztea, plastiko ekoizpena murriztearekin batera.

Plastiko mota ezberdinak daude: poliestirenoa (PS), poliuretanoa (PU), polipropilenoa (PP), polikloruro biniloa (PVC) eta polietileno tereftalatoa (PET),besteak beste. Bakoitzak bere osaera eta ezaugarriak ditu, eta ondorioz, degradazio prozesu espezifikoa jasan behar du. Azken bi hamarkadetan, plastiko mota horietako bakoitza deskonposatzeko ahalmena izan dezaketen dozenaka bakterio, onddo eta entzima identifikatu dira.

Erabilera bakarreko edari-botilak dira hondakin plastiko ohikoenetakoak, eta PET plastikoz eginak daude. Gaur-gaurkoz, plastiko mota hori prozesu termomekaniko bidez birziklatzen da. Baina prozesu horrek plastikoaren ezaugarri mekanikoak kaltetzen dituenez, PET erretxina etengabe ekoizten dugu eta hondakin gisa neurrigabe pilatu.

PET hondakinen kudeaketa-estrategia berri bat garatzeko asmoz, 2016an zientzialari japoniar talde batek aurkikuntza paregabea egin zuen: PET plastikoa jaten duen bakterio andui bat aurkitu zuen, Ideonella sakaiensis 201-F6 delakoa. PET plastikoaren presentzian haziz gero, bakterio horrek bi entzima sintetizatzen ditu, PET plastikoa egonkortzen duten lotura kimikoak hausten dituztenak. Ondorioz, plastikoa deskonposatu egiten da, molekula txikiak askatzen dira eta bakterioak xurgatu egiten ditu energia eta karbono iturri gisa erabiltzeko.

Prozesuaren erabilgarritasunaz ohartuta, 2018an, beste ikertzaile talde batek Ideonella sakaiensis-en bi entzimak fusionatu zituen. Horrela, jatorrizkoarekin alderatuz, PET plastikoa sei aldiz azkarrago degradatzen duen entzima sintetikoa sortu zuten. Bi urte geroago, ingeniaritza genetikoa erabiliz, frantziar ikertzaile talde batek PET degradatzeko ahalmena duen inoizko entzimarik egonkor eta eraginkorrena sortu zuen. Gainera, Science aldizkari ospetsuan argitaratutako lanean erakutsi dute biologikoki birziklatutako PET plastikoak botila berriak ekoizteko erabil daitezkeela.

Adituen aburuz, kanpotik gehitutako mikroorganismoen bidezko kutsatzaileen degradazioa, bioaugmentazioa izenez ezaguna, gizakiok eragindako kutsadura arazo ikaragarriari aurre egiten laguntzeko beste estrategia bat izan daiteke, nahiz eta momentuz soilik eskala txikian frogatu den. Halere, bioaugmentazioa edota beste edozein birziklapen-estrategia ez da konponbidea. Argi dago konponbidea gure esku dagoela, kutsadura ekiditeko bide egokiena ez ekoiztea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.