Ane Etxezarreta. Realeko jokalaria

«Aukera polita da gure baldintzak hobetzeko eta amesten segitzeko»

Espainiako Kopa irabazi izana barneratzen segitzen du Etxezarretak. «Euskal Herrira iristean hasi ginen konturatzen handia egin genuela. Omenaldiak hunkigarriak izan dira».
IÑAKI GURRUTXAGA / GOIERRIKO HITZA

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko maiatzak 14
Azken egunetako emozioa eta ospakizunak direla eta, ahotsa urratua zuen atzo Ane Etxezarreta Realeko jokalariak (Beasain, Gipuzkoa, 1995). Goizean, omenaldia egin zioten Murumendi ikastolan. Larunbateko finalean taldeak erakutsitako «lehiakortasuna eta batasuna» nabarmendu ditu.

Sandra Ramajok ondoeza izan zuen igandean. Zer moduz dago?

Susto handia izan zen. Emozio handiko egunak bizi izan ditugu; are gehiago berak, taldea utziko duela kontuan hartuta. Atseden hartu gabe geunden, eta horren guztiaren ondorio izan zen. Baina ondo dago.

Hasi al zarete barneratzen txapeldunak zaretela?

Larunbatean, partida amaitzean, jada nahikoa sinetsi nuen. Izan ere, nahiz eta faborito argiak haiek izan, taldeak garaipena lor zezakeela uste zuen aste osoan, eta lortu egingo zuela. Dena den, Euskal Herrira iritsi eta harrera ekitaldietara bildu zen jendea ikustean hasi ginen konturatzen lortutakoa handia zela. Autobusa hartu, eta Antiguatik aldundirako bidean hainbeste jende gu agurtzen ikustea oso polita eta hunkigarria izan zen.

Atzo, etxera iristean, zer pentsatu zenuen?

Oso berandu iritsi nintzen, eta nekatuta. Atseden hartzeko beharra nuen. Gurasoak besarkatu nituen, haiek baitira egunerokoan zure momentu onak eta txarrak bizi izaten dituztenak. Haien babesa funtsezkoa da niretzat, beti sinetsi baitute nigan. Ondoren neure buruari esan nion: «Lortu dut, Espainiako Kopako txapeldun naiz».

Egun hauetan bizi izandako momentuetatik zerekin geratzen zara?

Batekin geratzea zaila da, asko esango nituzke: epaileak amaiera adierazi zuen unea, Nahikariren gola, Zubietara iritsiera, atzo ikastolan egin zidaten omenaldia... Denak izan dira oso bereziak niretzat.

Zer egin zenuen epaileak bukaera adierazitakoan?

Korrika hasi nintzen. Zaleak eta senideak zeuden lekuan elkartu ginen taldekide guztiak, eta saltoka hasi ginen. Besarkatu nuen aurreneko taldekidea Iraia [Iparragirre] izan zela uste dut, eta gero Itsaso [Uriarte] eta Nerea [Eizagirre]. Buruan nuen gauza bakarra ospatzea zen, bai zaleekin baita ere Los Carmenenes nituen senide eta lagunekin.

Egun osoa izan zen ahaztezina, ezta?

Izugarria izan zen autobusean zelaira iristean hainbeste zale ikustea, bufandak gora gu animatzen; baita ere partidan zehar jasotako babesa... Denbora guztian egon ziren animatzen. Oso eskertuta gaude.

Finala heldutasun handiarekin jokatu zenuten. Hori izan zen gakoetako bat?

Bai, aste osoan lan handia egin genuen horretarako, eta final batek eragiten dituen emozioak eta urduritasunak behar bezala kudeatzen jakiteko. Lanketa hori bai taldean eta bai banaka ere egin genuen. Gugan sinetsi behar genuela garbi genuen, eta hala eginez gero aukera izango genuela irabazteko.

Partida hasieran, hala ere, asko sufritu zenuten. Nola bizi izan zenuen hori zelaian?

Hala da. Pixka bat lotuta jokatu genuen minutu horietan, eta haiek asmatu egin zuten nola eta nondik eraso egin. Baina bagenekien irabazteko sufritu egin beharko genuela. Izan ere, Atletico Madril oso talde ona da, eta zelai erditik aurrera maila handiko jokalariak ditu. Horrek lagundu egin zigun gola jasotzean besoak ez jaisteko, eta ez pentsatzeko amaiera zela. Berdin jarraitu genuen lanean.

Kiana Palaciosek berdinketa hain azkar lortzeak lagundu egin al zizuen horretan?

Dudarik gabe. Oker ez geundela, eta irabaztea posible zela konturatzeko balio izan zigun. Gainera, gola atezainaren huts batetik etorri zen. Horrek ezustean harrapatu gintuen, Lola [Gallardo] ligako atezainik onenetakoa eta ziurrenetakoa baita, eta ikusi genuen hortik ere min egin genezakeela.

Zelaian sumatu zenuen zuek haiek baino irrika handiagoa zenutela irabazteko?

Egia esan, nik ez nien haiei erreparatu. Buruan nuen bakarra gure taldea zen, eta nahi nuen bakarra zen denek ematen ari ginen mailari eustea, eta egurrean jarraitzea. Izan ere, behin Nahikarik gola sartu eta gero, argi nuen finalak ezin zigula ihes egin. Nola edo hala eutsi behar genion. Talde oso batua gara, elkartasun handia dugu gure artean, eta azken minutuetan erakutsi genuen, gure artean ez baikenion utzi elkar animatzeari, eta bata iristen ez zen lekura bestea ailegatzen zen. Azken minutuetan haiek gola sartzeko aukerak izan arren, lotuago ikusi nituen. Guk egindako lan onari esker ere izan zen hori. Gonzalok [Arkonada entrenatzailea] oso ondo prestatu zuen partida, eta guk gauzak oso argi genituen. Zelaian hori erakusten asmatu genuen.

Fisikoki, Atletico Madril talde oso indartsua da, baina finalean zuek erakustaldia eman zenuten. Espero zenuen hain ondo jardutea?

Egia da denboraldi amaiera honetan partida asko jokatu ditugula nekatuta, baina larunbatean oso ondo egon ginen esparru horretan. Buruak zeresan handia du arlo fisikoan, eta uste dut egin genuen lan psikologiko hori oso garrantzitsua izan zela. Defentsan ondo egoteak ere asko lagundu zigun.

Hau mugarri izan daiteke zuen baldintzak hobetzeko garaian?

Pentsatu nahi dut baietz. Aukera polita da horretarako; izan beharko luke, behintzat. Denboraldi honetan zale asko erakarri ditugu Realaren proiektura. Anoetan jokatutako bi partidak hor daude, eta Zubietara ere gero eta zale gehiago ari dira etortzen. Realak hori kontuan hartuko duela uste dut. Izan ere, gure baldintzak hobetuta, are aukera gehiago izango ditugu amesten segitzeko.

Emaitza aldetik, behintzat, denboraldia aitzakiarik gabekoa izan da, ezta?

Hala da. Urri-azaroetan bolada zailen bat bizi izan genuen, baina horri buelta ematen jakin genuen. Hortik aurrera, batez ere bigarren itzulian, taldeak salto handia eman du esparru guztietan, eta maila oso onean lehiatu da. Ligan gero eta lehiakortasun eta parekotasun handiagoa dagoela kontuan hartuta, meritu handia du horrek. Ginga Kopa irabazita jarri diogu.

Zuk ere salto handia egin duzula sentitzen duzu?

Zalantzarik gabe. Disfrutatu ez ezik, denboraldi honetan ikasi ere asko egin dut. Beste jokalari bat naiz, ez bakarrik tekniko-taktikoki, baita psikologikoki ere. Sasoi honetan bizi izandako esperientzia guztiek lagundu didate horretan. Taldearekin batera heldutasun bat lortu dut, eta uste dut horrek lagundu zigula, bai niri, bai eta taldeari ere partidako une zailak ondo kudeatzen.

Oporrak hartzeko irrikaz egongo zarete, ezta?

Oraindik Euskal Herria Kopako finalerdia jokatzea falta zaigu igandean, Alavesen aurka. Hortik aurrera, oporrak iritsiko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna