ETORKIZUNEKO BANKUA, ORAINEAN ARAZO

Digitalizazioak bultzatuta, eraldaketa prozesu betean dago bankuen sistema, eta, horren ondorioz, bat egiteak, bulegoen itxierak eta kaleratzeak ugaritzen ari dira, besteak beste. Bezeroen salaketak eta kexak ere ugaritu egin dira.

ETORKIZUNEKO BANKUA, ORAINEAN ARAZO.
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Bankuak ez dira orain arte bezalakoak izango. Esaldi kategoriko hori maiz entzuten da azkenaldian, eta sintoma batzuk agerian uzten ari dira iragarpena betetzen ari dela. Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen eraldaketa prozesu handi batean dagoela sektorea eta finantzen sistema oro har, baina inor gutxi ausartzen da hori nola amaituko den esatera.

Bankuetako langileak eta bezeroak izaten ari dira horren ondorioak nabaritzen lehenak. Arretaz aztertuz gero, duela hamar urte zeuden bi bulegotik bat itxi egin dute, eta, horrekin batera, lana erregulatzeko espedienteak kateatuz joan dira. Aurrera begirako aurreikuspenak ere beltzak dira: datozen asteetan, Hego Euskal Herrian 300dik gora langile kaleratuko dituzte BBVAk, Caixabankek eta Santanderrek.

Horrek, nola ez, ageriko eragina du bankuek eskaintzen dituzten zerbitzuetan edo, bestela esanda, bezeroengan. Aurrez-aurreko arretaren ordez, Internet. Sektorean gertatzen ari den digitalizazio prozesu azkarra dela-eta, «finantza bazterketaz» ere hitz egiten ari dira zenbait esparrutan. Norbanakoek, familiek eta enpresek jasan dezakete bazterketa hori, egoera berrira egokitzeko zailtasunengatik: kredituak baldintza egokienetan lortzeko, adibidez.

Baina bankuak zergatik ari dira erabaki horiek hartzen? Adituen arabera, 2008. urtean hasitako krisi ekonomikora egin behar da atzera. Aitor Zurimendi EHUko Merkataritza Zuzenbideko katedradunak dioenez, ordutik aurrera banku zentralek nabarmen txikitu dituzte interes tasak, eta dirua uzteagatik lortzen zuten mozkina murriztu egin zitzaien bankuei. Gainera, krisia dela eta, berankortasuna ere areagotu egin zen. Hori guztia kontuan hartuta, errentagarritasuna lortzeko, komisio gehiago eta handiagoak kobratzen hasi ziren, «horietako batzuk zalantzazkoak legearen ikuspuntutik». Eta kostu operatiboak txikitzeko beharra handitu eta bizkortu egin zuten, bulegoak itxiz, lantaldeak murriztuz eta, bereziki, negozioa mundu digitalera bideratuz.

Etekina helburu

Zurimendik argi du orain, COVID-19arekin, berregituraketa prozesu hori azkartzen ari direla. Bankuek beren hornidurak handitu behar izan dituzte, etor daitekeen berankortasunaren beldur. Gainera, interes txikiak hor daude oraindik. Eta, hori gutxi balitz bezala, teknologian oinarritutako finantza enpresa berrien —fintech deiturikoen— itzala nabarmen handitu da. Konpetentzia izugarria da. «Erakunde berri horiei erraza eta oso merkea egiten zaie bankuak orain arte egon ez diren merkatu berrietan sartzea: ez dute ia azpiegitura fisikorik behar, langileen kostuak ere oso txikiak dira, eta horretan guztian aurrezteak aukera ematen die oso lehiakorrak izateko eta bezeroei ohiko bankuek baino prezio txikiagoko ondasunak edo zerbitzuak eskaintzeko».

Arrazoibide horretan, hitz gakoa digitalizazioa da. Horri beste bat gaineratu dio Zurimendik: nazioartekotzea. «Online zerbitzuen ondorioz, bankuen merkatuak inoiz ikusi gabeko nazioartekotzea bizi du gaur egun. Ohiko bankuek errealitate berri horretara eta bezeroen eskaera berrietara egokitu behar dute, online bankuekin lehiakorrak izateko, inguruan gero eta eskaintza handiagoa duten bezeroei eusteko eta beste herrialde batzuetan bezero berriak erakartzeko».

Horri guztiari azken hamarkadan sendotu den beste joera bat gehitu dio irakasleak: bat egiteak. Espainiako Bankuaren arabera, duela hamar urte 60 finantza erakunde zeuden bere zaintzapean; egun, hamabi baino ez. Banku handi guztiek egin dituzte fusioak edo absortzioak. Aurrera begira, Zurimendik ez du baztertzen mugimendu gehiago egotea norabide horretan, baita Euskal Herrian egoitza duten erakundeen kasuan ere: «Nazioarteko merkatuan daude, eta eraldatzen ari dira errealitate berriari aurre egiteko: lehiakorragoak izateko, zerbitzu digitalak garatu dituzte, bulegoen kopurua murriztu dute, eta bat egiteko prozeduretan parte hartu dute, eta ziurrenik parte hartuko dute aurrerantzean ere».

Irabazleak eta galtzaileak

Horrek guztiak hezur-haragizko ondorioak ditu: bezeroengan, adibidez. Irache Nafarroako kontsumitzaileen elkarteak jasotzen dituen hamar kexetatik bik daukate zerikusia bankuekin, eta sektore horri buruzkoak izan dira, hain justu, azken urtean gehien ugaritu diren salaketak. Produktu «klasikoekin» (hipoteka maileguekin eta kontsumorako kredituekin) loturiko arazoei gehitu zaizkie, orain, bankuen funtzionamenduari buruzkoak. «Bezeroak gogaituta daude komisio gehiago ordaindu behar dituztelako, eta bulegoak ixten eta arreta zerbitzua izugarri murrizten ari direlako», azaldu du elkarteko bozeramaile Alberto Lazkozek.

Komisioekin loturikoak dira salaketa gehienak. Informaziorik gabe edo behar bezala informatu gabe heltzen zaizkie kontsumitzaileak elkartera. Horri loturik, azkenaldian ugaritzen ari den fenomeno batez ohartarazi du Irachekoak: gero eta ohikoagoa da bezeroei produktu batzuk eskaintzea komisioetatik libratzeko «amu gisa»: etxeko asegurua, telefono mugikorrak, bidaiak... «Katalagoa izugarri handitu dute. Komeni da arretaz aztertzea zer den onuragarriagoa; izan ere, batzuetan garestiagoa da bankuekin produktu horiek kontratatzea, komisioak ordaintzea baino».

Horrekin batera, azkenaldian nabarmen egin dute gora eragiketa arruntak eta kontsultak egiteko ordutegi mugatuei buruzko kexek. Banku gehienek soilik astelehen eta astearteetan ematen diete aurrez-aurreko zerbitzua bezeroei, eta bederatzietatik hamaika eta erdietara. Kontsultetarako, berdin: ordua eskatu behar dute. Horren ordez, kutxa automatikoa, Internet eta telefono zenbaki bat eskaintzen diete.

Lazkozek argi du aurrerapen teknologikoek aukera handiak eskaintzen dizkiotela bezeroari, baina uste du bultzatzen ari diren aldaketak modu «progresiboagoan, arretatsuagoan eta pedagogikoagoan» egin beharko liratekeela. «Sumatzen dugu pertsona asko, bereziki adinekoak, zailtasun ekonomikoak dituztenak edo prestakuntza gutxi dutenak, babesik gabe sentitzen direla eta zailtasunak dituztela. Gainera, bulegoak ixten ari dira, bereziki hiriburuetatik kanpokoak eta herri txikietakoak. Aurrera begira, arriskutsua iruditzen zaigu gertatzen ari dena: bezero guztiek ez dute sarbide bera izango bankuen zerbitzu eta produktuetara».

Ivan Garciak gertutik ezagutzen du egoera hori. Santander bankuko langilea da, eta CCOOko ordezkaria, sektoreko sindikatu nagusikoa. Argi mintzo da: «Bankuetan oso gaizki tratatzen dugu bezeroa». Gainera, ohartarazi du digitalizazioa dela-eta haien arteko «bereizkeria» sortzen ari dela; uste du bezero batzuk behar ez dituzten produktuak kontratatzen ari direla, ezjakintasunagatik edo bankuen salmenta politika oldarkorrengatik. «Haientzat eta modu digitalean aritzen direnentzat ere beharrezkoa da produktuei buruzko informazio zintzoa jasotzea, baina bankuek ez dute halakorik nahi: ez dituzte halako langileak nahi; komertzialak baino ez dituzte nahi, lanegun osoan produktuak saldu besterik egiten ez dutenak. Eta, horretarako, ez dute bulegorik behar».

Kaleratze «pribilegiatuak»

Garciaren arabera, gertatzen ari dena ez da berria, eta azpimarratu du beharginek ere denbora daramatela horren eraginak pairatzen: «Gure lan baldintzak asko okertu dira. Bankuetako langileei buruz zabalduta dagoen irudia ez dator bat gaur egun daukagun egoerarekin. Zuzendariek-eta jasotzen dituzten soldata eskandalagarriek estigmatizatu egin gaituzte. Gure sektoreak du soldata arrakalarik handienetako bat».

Horrekin batera, beste «mito» bat gezurtatu nahi izan du: lan egonkorrarena. Azken urteetan lan erregulazioak ugaritu egin dira, eta Hego Euskal Herrian «ehunka» langile kaleratu dituzte. Espainiako Gobernua bera ere oso kritiko agertu da horrekin, eta neurriak iragarri ditu, «milaka milioiko irabaziak izan dituzten enpresen kaleratze oldeak gelditzeko».

Azken hilabeteetan aurkeztutakoetan, enpresek bi argudio eman dituzte: digitalizazioa eta bankuen bat egiteengatik lanpostuetan duplizitateak daudela. «Benetako arrazoia, baina, beste bat da: bankuetako zuzendari eta goi kargudunen irabaziei eustea», salatu du Garciak.

Kaleratzeen baldintzen inguruan, berriz, CCOOkoak dio oro har ez direla txarrak: borondatezkoak dira gehien-gehienak; soldataren %60-75 artean jasoko dute erretiroa aurreratu ahal dutenek, eta besteek, legeak ezarri baino kalte ordain nabarmen handiagoak. «Gure baldintzak beste sektore batzuetakoekin konparatzen baditugu, pribilegiatu batzuk garela esan dezakegu, bai». Hori aitortuta ere, Garciak dio bankuen sektoreak dituen «berezitasunengatik» gertatzen dela hori: «Sektore honek ezin du esan beste batzuek esaten dutena: alegia, ez daukatela dirudik kaleratzeak ordaintzeko. Aurtengo lehen hiruhilekoan lortu dituzten etekinei begiratu besterik ez dago. Bidezkoak eta logikoak iruditzen zaizkigu gure eskaerak».

CCOOkoak uste du lan erregulazioena beste aldaketa handiago batzuen lehen urratsa dela: «Pandemiaren hasieran esan zuten herritarrak lagunduko zituztela, eta, orain, kaleratze izugarriak egiten ari dira. Jendeak pentsa dezala zergatik esan zuten hori».

Aldaketa handiak datoz sektorean, eta, adituen esanetan, egokitzeko gaitasunaren araberakoa izango da hori. Garciak etorkizun iluna irudikatzen du «langile eta bezero arruntentzat», eta argi du nor izango den «irabazle»: «Leloak dioen moduan, bankuak beti garaile».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.