Lagun zaharrari bisita

Baskoniaren ikurretako bat izan zen Luis Scola. NBAn ibilbide oparoa egin eta gero, 39 urterekin, Europara itzuli da, Armani Milanera. Gaur arabarren aurka ariko da. Argentinarra bikain ari da jokatzen.

Luis Scola saskiratze bat ospatzen, Fenerbahceren aurkako lehian. SILVIA FASSI.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hamabi urte pasatu dira Luis Scolak (Floresta, Argentina, 1980) Baskoniaren elastikoa azken aldiz jantzi zuenetik. Gutxik espero zuten beren bideak berriro topo egingo zutenik. NBAn ibilbide oparoa egin eta gero, argentinarrak buruan zuen erretiroa hartzea. Baina udan Txinan jokatutako Munduko Txapelketak haren asmoak aldatu zituen, eta orain Armani Milaneko izarretako bat da. Hain zuzen, Baskoniak Italiako taldeari egingo dio bisita gaur, Euroligako zazpigarren jardunaldian (20:45). Partida berezia izango dela onartu du Scolak: «Oso harreman berezia dut Gasteizekin eta Baskoniarekin. Urte garrantzitsuak pasatu nituen han, ez bakarrik jokalari moduan, baita pertsona moduan ere. Nire seme zaharrena bertan jaio zen».

Baskoniako zaleen kutuneko bat izan da. Kirol arloan arrasto luzea utzi zuen. Bederatzi denboraldi eman zituen Gasteizko taldean, eta 450 partida jokatu zituen. Argentinarrak ACB liga bat, eta hiru Espainiako Kopa eta Superkopa irabazi zituen. Baina horregatik ez ezik, zuen nortasunagatik, konpromisoarengatik eta izaera lehiakorragatik bihurtu zen ikurretako bat. «Baskoniaren balioak eta nireak beti etorri dira bat, eta uste dut horregatik dudala lotura emozional hori taldearekin», zioen duela gutxi. Kantxan ez ezik, kanpoan ere erakutsi izandu atxikimendu hori. Izan ere, Baskoniak kapitala handitzeko kanpaina egin zuenean, akziodun egin zen.

Urte hauetan AEBetatik jarraitu du Arabako taldearen egunerokoa. Houston Rockets, Phoenix Suns, Indiana Pacers, Toronto Raptors, Brooklyn Nets... NBAn ere zenbaki ikusgarriak lortu zituen; 791 neurketa jokatu zituen, eta 533 puntu sartu. Azken bi sasoiak Txinan egin zituen. Buruan zuen jada saskibaloia uztea.

Aurten Txinan jokatutako Munduko Kopa izatekoa zen bere azken txapelketa. Kontzientziaz prestatu zuen. Hamalau astez Argentinako Casteli herrian duen etxaldean itxi zen, eta entrenamendu eta elikadura plangintza zorrotza jarraitu zuen. Goizeko seietan esnatzen zen, eta korrika egitera irteten zen. Ondoren, jaurtiketa eta prestaketa fisiko saio luzeak egiten zituen. Horietako asko baraurik egiten zituen. Arraina, barazkiak eta arrautzak baino ez zituen jaten.

39 urte, eta sasoi betean

Argentina txapeldunorde izan zen, eta bera txapelketako jokalaririk onenetakoa: 17,9 puntu eta 8,1 errebote lortu zituen partidako. Gogoangarria izan zen Frantziaren aurkako finalerdia. 28 puntu sartu zituen, eta hamahiru errebote jaso. 39 urterekin, inoizko maila onenetakoan aritu zen, eta aho zabalik utzi zituen zaleak eta selekzioko gainerako kideak. «Scola estralurtar bat da», adierazi zuen Manu Ginobillik, urteetan Argentinako izarra izandakoak. Berak, ordea, naturaltasunez hartu zuen. «Maite dudana egiten dut: saskibaloian jokatu».

Txapeldunorde izanda, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkapena ziurtatua du Argentinak, eta hori izan da gutxienez beste denboraldi batez jokatzen jarraitzeko Scolak izan duen pizgarrietako bat: «Ametsa litzateke han egotea». Horretarako, argi zuen Europara itzuli behar zuela, eta goi mailan lehiatu. Real Madril, Baskonia... zurrumurru asko izan ziren,baina Milanek fitxatu zuen. «Ettore Messinaaginduetara aritzea, berriro Euroliga jokatzea... Desafio polita da niretzat».

Bikain ari da. Euroligako lehen partidan taldeko onena izan zen. Hamazazpi puntu sartu zituen, eta zazpi errebote jaso. Gainera, Baskonian jokatutako urteetan lortu ez zuen marka ezarri zuen: Euroligako partida batean hiruko bat baino gehiago sartzea. Orain arte 24 minutuz jokatu du partidako, 13,2 puntu sartu eta hiru errebote jaso.

Taldea ere bikain ari da. Inoizko hasiera onena egin du, sei partidetatik bakarra galduz. Scolak berak, Sergio Rodriguezek eta Vladimir Micovek onenen arteanegoteko falta zitzaion urratsa egitea ahalbidetu diete italiarrei. Itxuraz, Baskoniak ez du neurketa erraza izango gaur iluntzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.