Abian da EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren kontzertu bira. Kontserbatorioetan musika modernoa eransteko xedez sortu zuten egitasmoa 2015ean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatuta. Hainbat entsegu egiten ditu taldeak, bai eta astebeteko egonaldia ere. Hartara, kontzertu bira baten bitartez plazaratzen dute ikasturte osoan egindako lanaren emaitza.
Euskal musika tradizionalaren ukituak eta Big Band taldearen errepertorioa fusionatu ohi ditu EIJOk, eta hala egingo du asteburu honetan ere. «Gutxitan ikusten da fusio hori, bai instrumentazioagatik, bai eta soinuagatik ere», azaldu dute antolatzaileek. Amurrioko Amurrio antzokian (Araba) izango dira bihar; Azkoitiko Balda plazan (Gipuzkoa) larunbatean, eta Getxoko metroaren geltokiko plazan (Bizkaia) igandean.
Hainbat pieza interpretatuko dituzte horietan; hain zuzen ere, Euskal Herriko eta atzerriko zenbait konpositorek — Luis Verdek, Miguel Blancok, Chris Kasek, Alain Sanchok eta Carlos Sagik— propio sortutakoak.
Kalitatezko hiru emanaldi
Sanchoren zuzendaritzapean, ordubete inguruko kontzertuak emango ditu taldeak, eta egitarau berari jarraituko diote hiru emanaldietan. «Kalitatezkoak» izan daitezela nahi dute. Antolatzaileek diotenez, gainera, badituzte horretarako beharrezkoak diren osagaiak. Izan ere, 29 musikarik osatzen dute orkestra; hain justu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako musika eskoletako eta kontserbatorioetako ikasleak dira denak, eta abenduaren 18an Donostiako kontserbatorioan egin ziren hautaproben bidez aukeratu zituzten. «Ikaslerik bikainenak aukeratu genituen proba horietan, kalitate goreneko instrumentazioa lortzea izaten baitugu helburu urtero».
Orain hilabete batzuk hasi zituzten entseguak. Azkeneko bultzada gisa, gainera, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean dago taldea astelehenaz geroztik, bost eguneko egonaldia egiten, emanaldiak prestatu eta azken xehetasunak fintzeko.
Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak hiru kontzertu emango ditu asteburuan
Bihartik hasita, Amurrion, Azkoitian eta Getxon ariko dira, hurrenez hurren. Hainbat konpositoreren lanak interpretatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu