Albistea entzun

Literatura. 'Zer luzea negu hau'

Poeta helduaren autorretratua

Idazlea: Josu Goikoetxea. Argitaletxea: Elkar.

Peru Iparragirre -

2018ko abenduak 2

Lehen poema bilduma argitaratu du, paperean, Josu Goikoetxeak. Paperean argitaratu duen lehen poema bilduma dela diot, lehendik ere bere blogean poema saldotxoa argitaratu baitu, irakurleei tantaka emanez. Orain dela bi hamarkada pasa Lubaki Bandak edukiz betetako Susa aldizkariaren zenbakietan ere aurki daitezke bere testu batzuk. Lehen poema liburua du Goikoetxeak, beraz, Zer luzea negu hau. Hala izanik ere, eskarmentatua dator poeta lehen liburu honetan.

Epigrafe gisa jarritako Leonard Cohenen hitzen ostean datorren Poeta gaztea (olioa mihisean) poemak ematen dio hasiera liburuari; orain ia bi hamarkada idatzitako testu horek egile gisa aurkezten du poeta, aspaldi pasea den iragana orainaldian kontatuz, eta lehen zatian mantenduko den estilo deskribatzaileari bide emanez. Datozenekin alderatuta tragikoagoa iruditu zait, bere tragediaz kontziente den poetaren autorretratu. Gogoeta hauxe egiten du leihoko begiraleak Mise en scène poeman: «Polita da eszena / ala gupida estetiko batek apaindutako / koadro zatar bat besterik ez da?».

Lehen zatiko estilo narratibo-deskribatzaileari naifa iritzi diot batzuetan, xaloa, nahiz eta ez horregatik ezaxola. Lehenetik aurrera, poetaren begirada helduagoa dela iruditu zait eta poeta helduaren autorretratua egiten duela liburu laburrean zehar. Ageriko sinpletasun horretatik ari da poeta munduari begira, dago poeta munduan, da poeta munduaren zati.

Bigarren atalean, lau laukok hausten dute liburuak dakarren tonua, formatuak behartzen duen eta Goikoetxeak bikain erdietsitako nolabaiteko lirismo dotoreak intermezzo atsegin bilakatzen ditu testuok.

Intermezzo liriko neurtuaren ostean ordura arte gutxitan agertu den lehen pertsona dator indarrez: «Hau guztia katastrofea da. / Azkenean ez dugu ekaitzera moldatzen jakin». Lehen atalean munduaren begirale izan dena bere buruaren begirale bilakatzen da, izan dituen harremanei buruz ari da, dituen harremanei buruz, eta irudiz jantzitako poetaren barne mundua kanpokoarekin nola komunikatzen den antzeman daiteke. Poetika propio bat garatzen du Goikoetxeak, oso bere baitakoa, baina irakurleari ulertzen duela uste izaten uzten diona. Egunerokotasunaren erretratuaren zatiak dira, eszena poetikoak, poetaren estetika gupidagabearen galbahetik emanak.

Bigarren intermezzo gisa ikus daiteke Aitaren berokia atala, poemotan jotzen du goia liburuak, datozen poemei bidea zabaltzearekin bat: «Bitartean,/ kaleetan zehar noa./ Bilbo handia da/ eta urrun dauka muga».

Hurrengo atalean, dolua eta negu luzea esperantza izpiekin nahasten dira. Bila dabiltzanak, horiexek ditu protagonista, nahiz eta poeta galdu beldurrez ageri den, galdu duenaren oroitzapena, galdu dezakeenaren presentzia eta galdu behar duenaren kontzientzia ditu negu luzean lagun.

Azken atala ere bi poemek osatzen dute: alegoria eta asmakizun banarekin amaitzen da bilduma. Alegoria, poetaren kezken erantzuna datekeen eszena batean laburtzen da: Mungiarako bidean topatzen dituen hiru astoen jabearen begiradak ematen dio lasaitasuna munduak sortzen dion ezinegonaren aurrean. Galdera klasiko batek ixten du liburua: noiz eman zerbait amaitutzat. Bildumaz ari dela iruditu zait, noiz utzi poeta helduaren autorretratua margotzeari, hori galdetzen duela.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Neomak taldearen zuzenekoa ikusteko jende ilara luzea egin zen Plateruena kanpoaldean atzo arratsaldean, Durangoko Azokaren bigarren egunean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Plaza eta euskarri bete doinu

Ainhoa Sarasola

Zuzenekoak itzuli dira Durangoko Azokara, aurten Plateruenan. Landakon, Musikaren Plazak bildu ditu diskoetxeak eta musikariak. Diskoa nagusi den arren, euskarri digitalak gero eta ugariago dira
Xabier Eizagirre, Iratxe Retolaza eta Hedoi Etxarte, atzo, Landako guneko Talaia aretoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Liburugintza diglosiko bat

Itziar Ugarte Irizar

Euskaraz argitaratzen diren liburuen datuak aletu dituzte Xabier Eizagirrek, Iratxe Retolazak eta Hedoi Etxartek. Kultura gutxitu baten isla direla adierazi dute.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Urte osoak eusten dio azoka asteari»

Andoni Imaz

Pozik hartu dute murrizketarik gabeko azoka bueltan, eta gogotsu sumatu dute ingurua ere. Inguru hori zabaltzen asmatzea daukate gakotzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.