martxelo otamendi
Kataluniako hauteskundeak. Emaitzak. ANALISIA

Rajoyren porrota

2017ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Kataluniako independentziazaleek eutsi egin diete Kataluniako autogobernuaren bi erakunde nagusiei: Generalitateari eta Parlamentari. Hori da, nagusiki, atzo jokoan zegoena, eta irabazi egin dute. Emaitza ona izan da, ez urriaren 1az geroztik gertatutakoengatik eduki beharko luketena, baina oso ona da. Mezu sendoa bidali diete Espainiako Gobernuari, 155. artikulua babestu zutenei, eta Europan Rajoy estutu nahi ez dutenei: hau da, indarra erabilita ere ez dutela amore emango eta irtenbide zibilizatu bakarra adostutako erreferenduma dela.

Bi eserleku galdu dituzte independentziazaleek, 72tik 70era, baina kanpaina osoa 68ra iritsiko ziren kezkarekin igarota, pozik egoteko moduko emaitza da. Boto emaileen %50eko muga ezin gaindituz segitzen dute.

Ciutadansek lortu du diputatu gehien, 36, baina ez da aski izan estatuko egiturek diseinatuta zeukaten estrategian erabilgarri izateko. Puigdemont (34) gailendu egin zaio Junquerasi (32) eta oso arazo sendoa sortuko dio Espainiako Justiziari, Kataluniara itzultzea erabakitzen badu.

Polarizazioak biktima gehienak ez independentisten artean sortu ditu. Icetak ez ditu, inolaz ere, helburuak bete, eta ez dio errentarik atera 155a babesteari. Domenech buru zuen Catalunya en Comu izan da beste biktima bat, duela bi urteko 11tik 8ra pasatu delako. Oso urruti Espainiakoetan garaipena ematen dieten emaitzetatik, oso.

CUPek boto erabilgarria ordaindu du, merezi ez zuen porrota jasota. Bost eserlekura ez iritsita, talde parlametariorik gabe geratu da.

PPrena, Albiol kenduta, ez zaio inori axola. Estatu operazio baten derrigorrezko biktima izan da. Ciutadans zen estatu egituren apustua, eta horretarako PP hustu beharra zegoen.

Espainiako Gobernuak ezarritako beldurraren estrategia gaindituta, eutsi egin diote independentziazaleek gehiengoari, eta autogobernua eskuratu zutenetik zutabe eduki dituzten eta enblematiko izan diren ardurek haien esku segituko dute: autogobernuak, mossoek, hezkuntzak, komunikabide publikoek, hizkuntza politikak, kanpo politikak...

Alderdi independentziazaleek arnasa hartzeko moduko emaitzak eskuratu zituzten atzo, gehiengoa lortu ez balute porrota handia izango zatekeelako, etahondarrezko gaztelua bezala eroriko ziratekeelako hamarkada oso batean lan ikaragarria egin duen jendetzaren ilusioak. Ez da horrela gertatu, ondo eutsi diete Espainiako Gobernuaren eta estatu egituren erasoei, ez dira kikildu eta endavant (aurrera) ozen eta irribarretsu esateko moduan dira ostera ere.

Atzoko emaitzetatik, derrigor, gobernu independentista batek atera behar du, horrela ez izatekotan, alternatiba, Arrimadas Palaura eramatea baita. Azken asteotako haserre eta jeloskerien gainetik, elkarrekin joan ez izanak sortu dituen mesfidantzak gaindituta, eta presidente nor jartzeak ekarriko duen eztabaida luzea eta agonikoa gorabehera, legeak ezartzen duen epean lehendakari adostu bat eduki beharko dute.

Gaizki, oso gaizki atera zaio atzo Espainiako presidente Rajoyri Kataluniako prozesua karriletik ateratzeko programatutako estrategia. Espainiako herritarrei eta Europako diplomaziari arazoa azkar batean konponduko zuela esan zien, baina huts egin du beste behin, eta ezin izan du; nahiz horretarako demokrazia egonkorren Europan ikusi gabekoak egin, hau da, herritarrak zanpatu botoa emateagatik eta erakunde nagusiak, gobernua eta legebiltzarra, desegin. RajoyKataluniarekin ehuntzen ari den hutsegiteen katearen beste begi bat, beste erridikulu bat, Espainian eta Europan. Ganorabakoaren aurpegia jarrita adieraziko du ondo atera zaiola jokaldia, sortuko den gobernu berria kontrolpean edukiko duela eta Espainiako Justiziak jarritako mugetatik irteten bada, beste behin ezarriko diola 155. artikulu kolpista.

Saiatuko da egoera barregarria janzten, mendekua hartu nahi izango du kartzelan eta atzerrian daudenekin, justiziak ikertutakoen kopurua zabalduko du hurrengo egunotan, baina Katalunian gero eta zailago izango du gizartearen esparru batzuetan laguntza lortzea. Independentziazaleekin nekatuta daudela diotenetako batzuk, Rajoyrekin berarekin hasiko dira akitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.