Bizikletak krisi garairako

Hutsik geratzen ari dira dendak eta ekoizleen biltegiak. Koronabirusagatik ezarritako aldentze neurriengatik eta bestelako batzuengatik «izugarri» handitu da bizikleten erabilera.

Emakume bat eta haur bat bizikletan, Donostiako bidegorrian. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Komuneko paperarekin gertatu zena ari da gertatzen». Argi mintzo da Paco Prieto Oiartzun Bike-ko kudeatzailea. Urteak daramatza bizikletak saltzen, eta inoiz ez du halakorik ikusi. Ezohikoa da merkatuetan: eskaintza arazo bat dago, eta ez preseski hornidura katean etena egon delako, sektorean ez baita gertatu. «Izugarria da. Ez gara gelditu, eta biltegietan jada ez dugu bizikletarik: genuen guztia atera dugu», azpimarratu du Alvaro Olasolok, BH Gasteizko bizikleta ekoizlearen marketin arduradunak.

Koronabirusak bizikletak hartzera animatu du jendea. Kalean nabari da hori, eta lantegi eta dendetan ere bai. Biek diote salmentak «bikoiztu baino gehiago» egin direla, eta Prietok uste du «diotena baino handiagoa» dela. «Alemanian esaten dute halako hiru dela. Zaila da kuantifikatzea. Bezeroak denda batetik bestera dabiltza bizikleta bila. Guk nahita ere ezin dugu gehiago fakturatu. Modeloen %20 inguru amaitu zaizkigu, eta ezin dugu gehiago eskatu, ez dagoelako».

Dendetan ez ezik, tailerretan ere gainezka daude, garajean edo trastelekuan ahantzitako bizikleta zaharrak konpontzen, bereziki. Bezeroen artean, denetarik izan dute: inoiz ez edo oso gutxitan ibilitakoak, ohitura berreskuratu nahi dutenak, eta berria erostera animatu direnak. «Jakin badakigu askok utziko dutela, baina beste askok eutsiko diote. Azken urteetan nabari genuen goraldi bat, eta uste dut honek balio dezakeela joera indartzeko», azpimarratu du Prietok. Egun, Euskal Herrian egunero edo ia egunero bizikleta erabiltzen dutenen kopurua Europako kopuruen (%12) oso azpitik dago. Gipuzkoan, %7k, baina lautik hiruk kirola egiteko edo aisialdirako erabiltzen dute.

Errebote efektua

Modelo guztietan oso antzera igo igo zaizkie salmentak. Oiartzun Bikeko arduradunak dio hasieran gehiago izan zirela prezio apalekobizikletak, eta horixe bera berretsi du BHkoak. Haiek stockeko arazoak izan dituzte. Izan ere, azken urteetan erdi-goi mailako sailetan espezializatu dira, kirol denda edo kate handien produktuetatik bereizteko. Gama handikoak ere saldu dituzte; orain, «hutsik» dute biltegia. Olasolok dio udarako prest izango dituztela katalogo berrikoak. «Topera ari gara lanean».

Dena den, azpimarratu du enpresak ez duela bere estrategia aldatuko. «Hastapenerako bizikleten produkzioa zertxobait handituko dugu, baina argi dugu gure ildoa beste bat dela. Orain gertatzen ari denak ez gaitu baldintzatuko; gure apustuak oso emaitza onak eman dizkigu». Urtetik urtera %10 gehiago fakturatzen ari da BH; antzekoa da sektorearen batezbestekoa.

Sektoreak urte hasiera ona izan zuen. Eta koronabirusa dela eta, Hego Euskal Herriko dendak ia bi hilabetez itxita egon badira ere, errebote efektua «izugarria» izaten ari dela azaldu du Prietok. Denbora horretan Internet bidezko salmentetan ere nabaritu dute igoera, eta hori, BHren kasuan, saltzaile fisikoei ere egin die mesede, duela urte batzuk abiatutako salmenta modeloa dela-eta. Olasolok gogoratu duenez, online erosten diren BHren produktuak dendari batek muntatzen ditu, eta hark ere etekina lortzen du. «Gertuko komertzioa zaintzeko modu bat da; guretzat, ezinbestekoak dira».

Gasteizko bizikleta ekoizleak, dena den, atzerrian saltzen du gehien —70 herrialde ingurutan—: produkzioaren %75 inguru. Olasolok azpimarratu duenez, Europako hainbat herrialdetan oinarrizko zerbitzutzat jo dituzte bizikletak, eta osasun krisiaren unerik larrienetan ere zabalik egon dira dendak eta konponketa tailerrak. «Bi-hiru hilabete hauetan asko handitu ditugu esportazioak». Hego Euskal Herrian, berriz, nahasmendua egon zen horrekin. Espainiako Gobernuak oinarrizko zerbitzutzat jo zituen bizikletekin loturiko negozioak, baina leku gehienetan debekatu zieten ateak zabaltzea konfinamenduak iraun zuen denboran. «Gutako askok gerora jakin genuen zabaltzerik bagenuela». Ateak itxita, Oiartzun Bikeko tailerrak jarraitu zuen lanean, enkarguz: «Etxeetara joan, bizikletak hartu, garbitu —berrogeialdian jarri—, konpondu eta itzuli. Lantalde bat izan dugu zaintza lanetan».

Dena den, eta gerora zer etorriko zen ez zekitenez, aldi baterako lan erregulazio bat ere egin zuten. Baina dendako ateak zabaltzeko baimena jasotzearekin batera, langile guztiak itzuli ziren lanera, eta jende gehiago kontratatu behar izan dute. BHn, berriz, bi egunez baino ez zituzten itxi Gasteizko bulegoak, eta Portugalen duten fabrika egun bat bera ere ez zen gelditu. Ez zuten aldi baterako lan erregulaziorik egin: 200 behargin dira.

Elektrikoen momentua

Gaur egun, BHk bere irabazien erdiak bizikleta elektrikoetatik lortzen ditu. Euskal Herrian aitzindaria da, baina saldu, orain arte behintzat, atzerrian saltzen ditu gehienak. «Euskal Herrian pixka bat berandu iritsi gara elektrikoetara; duela urte batzuk, guk produzitutakoen %90 kanpoan saltzen genituen, baina azken bi urteetan handitu da interesa».

Denbora horretan ere izan da beste aldaketa bat; hasieran, mendiko bizikleta elektriko gehiago saltzen zituzten; orain, geroz eta gehiago dira hirikoen alde egiten duten bezeroak. «Hemen, bizikleta beti ulertu da kirola egiteko tresna bat balitz bezala: lehiatzeko. Baina mentalitate hori aldatzen ari da, eta gehiago hurbiltzen Europakora. Aldea, dena den, oso handia da oraindik».

Prietok ere nabaritu du hiriko elektrikoekiko interesa azken asteetan. «Jendeak garraio publikoa eta jende pilaketak saihestu nahi ditu, baina, aldi barean, osorik iritsi nahi du tokietara, lanera, eta ez izerditan». Dena den, Prietok dio askok hiriko bizikleta elektrikoei buruzko interesa agertu bai baina azkenean ez direla erostera «ausartzen». Prezioa izan daiteke motiboetako bat. Gaur egun, batez beste, 260 euro balio du hiriko bizikleta batek, eta 704 euro mendikoak. Elektrikoen artean, 1.750 euro hirikoak eta 2.200 mendikoak.

Administrazioek emandako diru laguntzek urrats hori egiten lagundu dezaketela uste du Olasolok, baina azpimarratu du horrekin batera azpiegituren alorrean ere «zer hobetu asko» dagoela. «Gure hiriak oro har ez daude prestatuak, eta are gutxiago elektrikoetarako: adibidez, aparkaleku seguruak behar dira». Agintarien jarrerarekin «oso eszeptikoa» da Prieto. «Garraio garbia babestu behar dela diote, baina gero zer? Jendea laguntzarik gabe ere ari da bizikletak erosten, administrazioaren aurretik doa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.