Hasieretako ilusioarekin

Bera Berak final batekin ekingo dio, gaur, denboraldiari: Espainiako Superkopakoa, Elxen kontra. Eli Cesareo jokalariak ondo ikusten du taldea, eta baikor dago denboraldiari begira.

Eli Cesareo, jaurtiketa bat egiten, denboraldiaurreko partida batean. BERA BERA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak gaur ekingo dio denboraldiari. Donostiako klubaren eta jokalarien irabazteko grina aseezina da, eta modurik onenean hasi nahi dute sasio berria: Elx mendean hartuz eta Espainiako Superkopa irabaziz (19:00 TDP). Grina hori inoiz baino biziago izango dute, gainera. Izan ere, iragan sasoian gaurko aurkariak Espainiako Kopako finaletik kanpo utzi zuen Imanol Alvarezen taldea. Gainera, azken bi sasoietan gol baten aldeaz galdu du Superkopa. Arantza bikoitz hori atera nahi du Bera Berak.

Denboraldi hasieretan ohikoa den ilusioa du taldeak; eta zer esanik ez Eli Cesareo jokalariak. Piboteak hirugarren denboraldia du Donostian, baina lehen sasoian min hartuta iritsi zen. Fitxatu eta egun gutxira, belauneko ebakuntza egin zioten. Aurreko denboraldian ere hilabeteak eman zituen jokatu gabe, eskumuturreanebakuntza egin eta gero. «Gogorra izan zen taldetik urrun egotea, hasieran lotsatia izan arren oso gertukoa bainaiz. Taldekideekin egotea asko gustatzen zait». Geratuta egon zen hilabeteetan asko ikasi zuen. «Banekien indartsua nintzela; baina denbora horretan are gehiago konturatu naiz horretaz, batez ere psikologikoki. Pasatu nuena pasatu eta gero, Olinpiar Jokoetan egotea bultzada handia izan zen». Gainera, min hartuta egon ziren beste jokalariekin asko batu zen. «Asko lagundu genion elkarri».

Hala, «ilusio handiz» ekin dio sasoiari. «Denboraldi hau oso inportantea da niretzat. Taldearentzat garrantzitsu izan nahi dut, eta bai nik, baita nire taldekideek ere hori sentitzea. Batez ere defentsan asko lagundu dezakedala uste dut». Pibotearen postua hain fisikoa izanda, berriro min hartzeko beldurrik badu? «Beldurra ez. Jokatzera ateratzen zarenean, denaz ahazten zara. Errespetua dudala esango nuke. Izan ere, eskumuturreko lesioa gogorragoa izan da belaunean izan nituenak baino. Baina neure burua ziur ikusten dut. Bendaje on bat egitea funtsezkoa da niretzat». Gainera, Bera Bera denboraldi honetan prestakuntza fisko berezia egiten ari da Ammmma zentroan. «Nik han egin nuen osatze prozesua, Enma [Boada] Maria [Prieto O'Mullony] eta min hartuta egon ziren beste taldekideekin. Oso lan ona egiten dute. Kluba haiekin lanean hastea beste pauso bat da gure prestakuntzan».

Lehia handia izango da haren postuan; izan ere, Nekane Teresek eskubaloia utzi eta gero, Cristinia Polonio fitxatu dute Porriñotik, eta Ainhoa Etxeberriak taldean segitzen du. Bien lana goraipatu du Cesareok. «Poloniorengandik, egiten duen guztiari jartzen dion energia azpimarratuko nuke. Ainhoak, berriz,hasieran ez zuen pibotean jokatzen. Postura egokitu, eta urtero-urtero maila hobetuz joan da. Meritu handia dauka». Lehia hori gustuko du. «Elkarri hobeagoak izaten laguntzen diogu. Nik gustuko dut haien gomendioak entzutea, eta ni ere saiatzen naiz haiei laguntzen».

Taldeari dagokionez, «oso ondo» ikusten du. «Ni ez naiz denboraldiaurre osoan egon, Tokion egon eta gero beranduago hasi bainintzen. Baina uste dut lan ona egin dugula, eta prest gaudela. Talde guztia jokatzeko moduan egoteak indar eta poz handia ematen digu. Izan ere, aurreko sasoian denbora luzez egon ginen jokalari dezente jokatu ezinda. Hala ere, begira zer lortu zuen taldeak. Aurreko denboraldiak indartu egin gaitu talde moduan».

Helburuei dagokienez, argi du. «Titulu guztien borrokan egon nahi dugu». Liga berriz irabazi nahiko lukete, eta Espainiako Kopan ere jarria dute arreta. «Azken bi aldietan ez dugu emaitzarik onena lortu, eta, azken fasea Donostian jokatuko dela kontuan hartuta, begiz jokatu dugu». Europan ez dute erronka erraza, Paris 92 egokitu baitzaie European ligako lehen kanporaketan, Frantziako talderik indartsuenetakoa. «Baina haiek ere ez dira pozik egongo. Kanporaketa polita izango da».

«Ohiko» Bera Bera

Ligan ohikoak ikusten ditu goiko postuetan: Ro'Casa, Guardes, Malaga... Denboraldi honetan, berriro ere ohiko txapelketa sistemara itzuliko dira. Denek denen aurka jokatuko dute, eta ez bi multzotan banatuta, aurreko sasoian bezala. «Egia esan, nik aurreko denboraldian ez nuen tarte asko izan jokatzeko. Baina esango nuke politagoa dela denek denen aurka jokatzea».

Taldearen jokoa ohikoa izango dela nabarmendu du. «Gure indargunea beti izan da defentsan sendo egotea, eta kontraerasoa baliatzea. Hori ez da aldatuko. Oso garrantzitsua da taldearen bizkarrezurrari eutsi izana».

Gaurko partida honela aztertu du: «Elx beti da aurkari deserosoa eta zaila. Ana Isabel Martinez kapitaina galdu du, baina talde arriskutsua da oraindik ere, eta ondo indartu da. Gauzak ondo egin beharko ditugu irabazteko».

Pistatik kanpo ere disfrutatu egin nahi du. «Donostiaz maiteminduta nago. Bartzelonakoa izanda, itsasoa oso gustuko dut. Izugarri gozatzen dut musika jarri eta hiru hondartzetatik paseoak emanez. Deskonektatzen laguntzen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.