Ertzak marraztuta biribildu du

Erronboa da Realaren garai onaren gakoetako bat. Imanol Alguacilek eskema hori baliatu duenetik, asko irabazi du talde txuri-urdinak.

Mikel Merino eta Brais Mendez, Realaren zelai erdiaren iparrorratzetako bi. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Boalda onean dago Reala, txuri-urdinek irabazi egin baitituzte azken bost partidak. Gisa horretara, ondo kokatuta daude bai Europa ligan, baita Espainiakoan ere. Multzoko lidergoan eta sailkapeneko seigarren daude, hurrenez hurren. Ligan laugarrenak adina puntu dituzte: hamasei. Orotara, jokatu dituzten partida guztietatik zortzi irabazi, bakarra berdindu eta bi galdu dituzte.

Imanol Alguacilek erronbo bat ezarri ohi du zelai erdian. Lau erpinak marraztu dituenean biribildu da taldearen jokoa. Erronboa da donostiarren makina gela; zenbat eta gehiago aritu, orduan eta erosoago jarduten du.

Izan ere, praktika ari da galbahe lanak egiten, emaitzak tarteko. Gehien bat Martin Zubimendi, Mikel Merino, David Silva eta Brais Mendez kokatzen ditu joko esparru horretan. Haiek dira jokoaren iparrorratza.

ANIZTASUNA, GAKO
Aldez edo moldez

Aniztasuna da Realaren jokoaren ezaugarri behinena. Hau da, erronboak baliabide asko eman dizkio taldeari, aurkariaren lerroak gainditzeko garaian. Zelai erdikoen gaitasunak badu aldez edo moldez aritzeko beste trebetasun bat, eta azken partidetan agerian geratu da hori.

Joko bizkorra egin dute batzuetan, aurkariren eskema hausteko, eta joko konbinatiboa baliatu dute besteetan. Gainera, gaitasun handia dute lerro arteko paseen bidez arriskua sortzeko. Zubimendik, Merinok, Silvak eta Brais Mendezek mugimendu asko egiten dituzte zelaian, etahorri esker hankaz gora jarri dituzte kontrarioen defentsako sistemak. Mugimendu horiek jokalarien arteko estaldura dute oinarrian. Esaterako, Vila-realek talde erdia baino gehiago bideratu behar izan zuen lantegi horretara, joan den igandeko partidan.

ERRONBOA, AKUILU
Beste jokalarien laguntza

Erronboa da Realaren funtzionamenduaren oinarria. Erdiko lehiak irabazteak arnasa ematen du zelaiko beste eremuetan. Adibidez, erdialdeko fluxu handiak bidea zabaltzen die hegaleko atzelariei, aurkarien ate ingurura gerturatzea ahalbidetuz.

Hori baliatu du, besteak beste, Alex Solak. Donostiarra erasora batu zalea da, eta haren ekinaldiek erasorako jokalari bat gehiago bilakatzen dute norgehiagoketan. Kubok jokoa konbinatzeko garaian egiten duena, hegaleko jokaldietan egiten du Solak. Japoniarrak ere lan handia egiten du partida joan, partida etorri. Zelaiko eremu ezberdinetan ematen duen laguntzak gehiengoan jartzen ditu Realeko erasokoak.

Alex Sorloth da azpimarratzeko beste jokalaria. Norvegiarrak ondo ekin dio Realeko bigarren aldiari, eta haren gorpuzkerak eta bizkarrez egiten duen jokoak aukera asko eman ditu. Besteren artean, ohitura du hegalera mugitzeko, aurkariaren atzelariak erakartzeko. Horrek erronbokoei atera heltzeko aukera handiagoa ematen die.

INTENTSITATEA ITOGARRIA
Estutu, estutu eta estutu

Realak giharra erakutsi du zelai erdian, baina baita abiadura ere. Hori ere baliatzen ari da kontrarioei min egiteko. Izan ere, aurkariaren zelaian egiten duen presioak, ito egiten du parean duenaren baloi irteera, eta baloiak sarri-sarri errekuperatzea ahalbidetu. Hain justu Espainiako Ligan baloi gehien ostu duen taldea da Reala, lehen zortzi jardunaldiak jokatu eta gero.

Bestalde, paseak emateko garaian ere bizitasun nabarmenarekin ari dira Imanolenak. Aurreko urteekin alderatuta, bederen. Horrek ere lerroak haustea ahalbidetzen diete.

IZEN BAT: BRAIS MENDEZENA
Galiziarra ondo egokitu da

Sarri zaila izaten da fitxaketa batek berehalako errendimendua ematea. Alde horretatik, azpimarratzekoa da Brais Mendezen jarduna. Jokalari galiziarrak ezin hobeto hasi du bere ibilbidea Realean. Gol aukerak lantzen laguntzeaz gain, goleko paseak eman ditu. Gainera, bost gol ere egin ditu dagoeneko Espainiako Ligan: hiru errematez, bat buruz, eta bestea falta jaurtiketan. Europa ligan ere gol bat egindakoa da, Manchester Uniteden aurkako partidan.Itxura du urteak daramatzala Realean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.